«Pello Mari Otañoren azken arnaseraino eramango gaitu 'Ombuaren Itzala' filmak»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 14a, 00:00

'Ombuaren Itzala' filmeko grabaketako atsedenean ateratako argazkia.

Etzi, Pello Mari Otañoren bizitza eta lana jasoko duen 'Ombuaren Itzala' filmaren aurkezpena eskainiko du Patxi Bisquert pelikularen zuzendariak, Biterin, arratsaldeko 19:30etan.

Patxi  Bisquertek Pello Mari Otañoren memoria «ahanzturako zuloan eroria» dagoela dio eta «zulotik ateratzeko» asmoz, Otañori buruzko filma (Ombuaren Itzala) ekoiztu du, auzolanean oinarrituta. Etzi eskainiko du aurkezpena hernaniarren aurrean, «bertso jaialdi» moduan eta, beraz, alboan izango ditu Unai Agirre eta Eli Pagola, bertsotan. Pelikularen berri jakiteko, Kronika Patxi Bisquertekin bildu da elkarrizketa baten bueltan, eta Otañoren pasarteei buruz jarduteaz gain, proiektuaren zertzeladak ere eman ditu.

‘Ombuaren Itzala’ filma ekoiztu duzu. Bertan Pello Mari Otaño bertsolari-poetaren memoria berreskuratu nahi izan duzu, belaunaldi berrientzat. 

114 urte betetzera doaz Otaño zendu zenetik. Eta Otaño, gure memoria kolektiboan dago ahanzturako zuloan eroria. Beraz, nahi nuke pelikula hau izatea belaunaldi berriek beregana iristeko tresna bat. Hori izango litzake ‘Ombuaren Itzala’.  

Nondik sortu zitzaizun 'Ombuaren Itzala' sortzeko ideia? 

Ni ere, Otaño bezala, zizurkildarra naiz eta beti izan dugu errefentziazko pertsonaia. Txikitatik hazi gara Pello Mari Otañoren koplekin. Denborarekin konturatu nintzenean ahanzturaren zulo beltzean zegoela bertsolari-poeta, buruari bueltaka hasi nintzen. Oso pertsona interesgarria zen, eta harritu egiten ninduen gaur egungo belaunaldiek ez jakitea hari buruzko ezer ere ez. Horrek bultzatu ninduen. Merezi duelako, gizon berezia izan zen, bere garaian garrantzi haundiko gizona, hain zuzen ere. Gure kultura berpizteko gaitasuna izan zuen. Izan ere, Foruak desagertu ostean, herriak itzalita eta zeharo puskatuta gelditu zirenean, Otaño erreferentzia kultural bat izan zen. Une larri haietan argia izan zen. 

 

'Ombuaren Itzala' du izena filmak, zer dela eta? 

Ombua da Panpanen (Argentina) dagoen zuhaixka bat, arbola bezain haundia egiten dena. Otañoren etxetxoaren ondoan zegoen ombu bat, eta bere itzalpean idazten zituen bere bertsoak. Gainera, bere herri minean, zuhaixka horrek eramaten zuen Otaño Errekalde baserriko atarira, han zeukan intxaurrondora, bere baitan sortutako nostalgiak bultzatuta. Herri minari buruzko bertso ederrak ere idatzi zituen.

'Ombuaren Itzala' jarri izanaren beste arrazoi bat ere bada Otañok bere garaian, Euskal Herri osoko itzala irabazi zuela. Gaur egun, gu auzolanarekin ari gara, ea noraino iristen den Otañoren Itzala. Koldo Izagirrek sortu zuen izenburua, berak egin du gidoiaren haria, eta bera izan da izenburua jarri diona filmari.  

Pello Mari Otañok  Argentinan ospe haundia izatea lortzen du, bertsolari-poeta gisa. 

Otañok inoiz ez du prosa erabili, karta asko idazten zituen. Izan ere, hemengo lagunekin, Euskal Herrikoekin, karta bidez komunikatzen zen, eta bertsoak idazten zituen. Argentinan, ordea, bertsoez gain, opera pare bat ere idatzi zituen. 

Beste ezaugarri garrantzitsu bat ere izan zuen Otañok: 20 eta 30 hamarkadara arte Euskal Herrian ez zen euskeraz irakasten. Baina Otaño, aurretik hasi zen euskerako klaseak ematen Argentinako diasporako seme-alabei. Ez zegoen metodologiarik eta, beraz, berak asmatu behar izan zuen metodologia euskeraz irakasten ikasteko. Horrenbestez, aitzindari izan zen zizurkildarra. Euskera ikasten erakutsi zuen lehen irakasle gisa izendatu genezake Otaño.


'Ombuaren Itzala' filmean zer kontatzen da? 

Testuinguruan kokatzeko, Otañok hiru bidaia egin zituen Argentinara; lehenengoa joan zen Foruen desagertzearekin batera, 19 urte zituela egin zuen aurreneko bidaia. Argentinan osabak eta lehengusuak zeuzkan. Entzuna daukat, soldaduska egin nahi ez zuelako ere joan zela Euskal Herritik, 1876garren urtean. Hortik pare bat urtera itzuli zen berriro Euskal Herrira baina ez zuen bere lekua aurkitu, eta bertso batean ondokoa idatzi zuen: ‘Amerikara noa borondatez, aspertu naizelako hemengo suertez’. Bertso hori kantatuta, Argentinara joan zen berriro, eta urte dexente egingo ditu han, gutxi gorabehera 10 bat urte. 33 urte dituenean, gaixorik jartzen da Otaño, eta erabakitzen du Euskal Herrira itzultzea. Justu momentu horretan hasten da ‘Ombuaren Itzala’ filma: Otañok 33 urte ditu, gaixorik dago eta etxera itzultzen da, Panpatik (Argentina) Euskal Herrira. Bere azken arnaseraino eramango gaitu filmak. Bere 20 urteak kontatuko ditu, 'Ombuaren Itzalak'.


 

Auzolanean oinarritutako lana da ‘Omburen Itzala’. Aurkezpenak egin dituzue zenbait herritan. Bildutako diruarekin ekoiztu duzue filma. 

Bai, pandemia garaian erabaki nuen auzolanez egingo nuela filma. Auzolanez egitea zer da? Finantziaziorako behar diren xoxak auzolanaren bitartez ateratzea. Horretarako bi diru iturri izan ditugu; batetik, 30.000 sarrera bono aurrez salduz, 10 euro bakoitzeko; eta beste iturria izan zen mezenasgo kulturala. Azken honi heldu genion, baina zoritxarrez, Nafarroan onartu ziguten, eta EAEn ez. Euskal Autonomia Erkidegoan ez ziguten onartu Eguzki Art Zinema ez delako irabazi asmorik gabeko elkarte bat.  

Proiektua aurrera eraman duzue euskaldungoari esker. Horrelaxe omen zen Otañoren garaian. 

Bai, Otañorentzat oso ezaguna  zen auzolana. Izan ere, bere lehenengo liburua (‘Zerbait’ )argitaratzeko, Donostiako argitaletxe batek kaleratu nahi zuen, baina dirurik ez zegoen. Orduan, auzolana erabili zuten. Nahiko diru bildu zuenean argitaratu zuen Otañok bere aurreneko liburua.

Berdina egin zuen Otañok Argentinara egin zuen azken bidaiarekin. Familia osatua zeukan, baina dirurik, eta, beraz, diru bilketa bat antolatu zuten eta ia 800 pezeta bildu zituzten. Horri esker Otañok aukera izan zuen Argentinara joateko.

Orduan, horiek biak erreferentziatzat hartuta, ikusi dut, Euskal Herrian bi aldiz egin dela diru bilketa. Beraz, une hartan galdetu nion neure buruari: «eta zergatik ez ‘Ombuaren Itzala’ ekoizteko diru bilketa bat egin?». Modu honetara ere bere memoria errekuperatzen saiatzen ari gara.

Ostiralean Hernanin eskainiko duzu ‘Ombuaren Itzala’ eta alboan izango dituzu Unai Agirre eta Eli Pagola. Konpainia onean egongo zara. 

Bai noski, eskertzen diet bertsolariei auzolan honetan laguntzeko jarrera erakusteagatik. Unai Agirre dagoeneko egon da beste batean gurekin, Errenterian aurkeztu genuenean, Amets Arzallusekin batera. Agirreren bigarren aldia izango da eta asko eskertzen diot. Eli Pagolari ere bai noski. 

Bertso festa moduko ekitaldia antolatu dugu eta niretzako plazerra da horrelako bi bertsolarirekin kontatzea.

Herritarrek ekarpenak egin nahi badituzte, non egin behar dute? 

Modu askotara egin daiteke; batetik, ondorengo estekan
(https://acortar.link/q7dGx9) sartuta ‘proiektuari ekarpena egin’ klikatuta; bestetik, 662 52 94 55 zenbakira Bizuma eginda; edota pellomarotañoauzolana.eus atarian sarrera bonoak erosita.

Amaitzeko esan nahiko nuke, herrigintzan egin dugula filma, eta fruituak herrietan geldituko direla. Laguntzen diguten erakundeek, ikastolek, elkarteek edota taldeek jasoko dute filmaren kopia bat. Nahi duten heinean erabiltzeko. Azken finean hori da xedea, herrigintzan egiten ditugun ekoizpenak, herrian geratuko dira, eta herriarentzat izango dira.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!