Hernanik lehenengo postua sendotu du, larunbatean Uribealdeari nagusitasunez irabazita (3-37)

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

18 urtez azpiko taldeak La Única gainditu zuen Landareko zelaian. Argazkia: Iñigo Arizkorreta.

Trikoloreek bost puntura haunditu dute abantaila, Ohorezko B Mailan, A multzoko bigarren sailkatuarekiko. 23 urtez azpiko taldeak 8-12 galdu zuen Les Abellesen aurka, eta 18 urtez azpikoek 14-8 irabazi zioten La Únicari.

Hernanik lehenengo postuan ja­rraitzen du Ohorezko B Mailako bigarren fasean, Uribealdeari Mungian 3-37 irabazi eta gero. Emaitza honi esker, hernaniarrek 46 puntu dituzte sailkapenean, eta lidertza sendotu dute: bost puntura haunditu dute Gernikarekiko aldea, erasoko bonusa eskuratu gabe irabazi baitzioten bizkaitarrek Gaztediri.

Mungiako partiduari helduta, bi taldeen artean dagoen aldea, mailari dagokionez, antzeman zen zelaian. Hala ere, alde hori ez zen markagailuan islatu partiduaren lehenengo laurdena bete arte. Aurreneko 20 minutuetan Uribealdeak agindu zuen 3-0, zigor kolpe bati esker. 

Hernaniren aurreneko bost puntuak 23garren minutuan iritsi ziren, Jon Ander Zapiainen eskutik. Hortik lehendabiziko zatiaren amaierara arte, trikoloreek beste hiru entsaio lortu zituzten. Mijangos, Abecia eta berriz ere Zapiain izan ziren entsaioa lortu zutenak. Hori bai, ez zuten lortu makiletara transformazio bakar bat ere gauzatzerik. 3-20 joan ziren aldageletara.

Aldageletatik bueltan, norgehiagoka ez zen aldatu. Hernani jaun eta gabe zen, eta beste hiru entsaio iritsi ziren bigarren zatiko aurreneko 23 minutuetan, Arizetaren, Etxarriren eta Unzueren eskutik. Gainera, Arizetak berak bere entsaioa gauzatu zuen 46garren minutuan. 

Partiduaren azkeneko laurdenean ez zen markagailua mugitu, eta 3-37 amaitu zen lehia.

Harrobiko taldeetan, denetarik

Harrobiko taldeetan denetarik izan zen. 23 urtez azpikoek galdu egin zuten 8-12 Les Abellesen aurka Landaren. Partidua lehiatua izan zen, baina azkenean valentziarrak nagusitu ziren. Hernaniarrek 8-7 agintzen zuten 17 minuturen faltan, baina 63garren minutuan entsaioa lortu zuten bisitariek, eta 8-12 aurreratu ziren. Hernanik ez zuen lortu partidua iraultzea azken minutuetan.

Landaren bertan, 18 urtez azpikoek 14-8 irabazi zuten La Únicaren kontra. Uste baino lan gehiago izan zuten Iruñeko taldea gainditzeko. Eta azkenik, 16 urtez azpikoek bosna berdindu zuten Durangoren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!