Atzeratutako partiduak, irabazi eta galdu

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

Kadete neskek garaipena eskuratu zuten Altzaren kontra.

Neska infantilek porrota jaso zuten Aldapetaren aurka, eta neska kadeteek irabazi egin zuten Altzaren aurka.

San Sebastian egunaren ondorioz bi partidu atzeratu ziren, eta hauek izan ziren asteburuan Hernaniko boleibol taldeek jokatu zituzten bakarrak. Hernaniko kiroldegian jokatu zituzten biak, larunbat goizean.

Alde batetik, neska infantiletan, Hernani 2 taldeak Aldapeta Maria Berdeak taldearen aurka 1-3 galdu zuen. Jokoetan 0-2 aurreratu ziren bisitari donostiarrak (18-25 eta 15-25), eta etxekoak markagailuan 1-2 gerturatu ziren arren (25-18), azkenean ezin izan zioten buelta eman, laugarrena 15-25 galduta. 

Neska kadeteena izan zen beste partidua. Hernani 3 taldeak jokatu zuen, eta garaipena lortu zuen Altzaren aurka (3-1). Hernaniarrak 2-0 aurreratu ziren markagailuan (25-23 eta 25-20). Hirugarren jokoa bisitariek irabazi zuten (21-25), baina laugarrenean etxekoek ez zuten barkatu (25-19), eta partidua 3-1 ixtea lortu zuten. Partiduak ordu eta erdiko iraupena izan zuen, eta oso orekatua izan zen lehia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!