Bolada txarra eten ezinik jarraitzen dute Hernaniko bi talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

Hernaniren eta Realaren arteko partidua, Zubipen, aurreneko itzulian.

Euskal Ligako neskek 2-0 galdu zuten Realaren zelaian, eta Ohorezko Erregionaleko mutilek 3-1 Ordizian.

Denboraldi gozoa izaten ari zena, seko eten da Hernaniko futbol talde nagusientzat, urte berrian sartzearekin batera. Bai Euskal Ligako neskek eta bai Ohorezko Erregionaleko mutilek, garaipenik lortu gabe jarraitzen dute 2024an, eta bolada txarra luzatu egin zaie asteburu honetan, porrot bana jasota.

Neskek partidu zaila zeukaten Realaren kontra, igande arratsaldean. Talde txuri-urdinari apenas egin dio ihes punturik Zubietatik, eta berdeak oso lehiakor aritu ziren arren, porrota jaso zuten (2-0). Hasi eta berehala hartu zuen aurrea Realak, Patricia Mugaburek 6garren minutuan lortutako golari esker; eta 24garrenean haunditu zuen aldea Yenai Urdampilletak. Bigarren zatia hasi eta gutxira, bost aldaketa egin zituen Mikel Mancisidorrek, taldea indartu eta erasora jotzeko, baina ez zuten aldea murrizterik lortu. Emaitza horrekin, zortzigarren postura jaitsi da Hernani, azkeneko 15 puntuetatik hiru soilik lortuta.

 

Porrot gogorra Ordizian, Ohorezko Erregional mailako mutilek

Hiru puntu ez, bi dira Ohorezko Erregionaleko mutilek eskuratu dituztenak, azkeneko 15 horietatik, oso bolada txarrean sartuta. Berdeek porrot gogorra jaso zuten Ordizian, larunbat arratsaldean. Irabazi beharreko partidua zeukan Hernanik, ligako azkeneko sailkatuaren kontra; baina 3-1 nagusitu zen Ordizia, sailkapenean lau postu gora egitea ahalbidetu dioten hiru puntu lortzeko. Aldiz, beste koxka bat egin du behera Hernanik, zazpigarren postura, Tolosak aurrea hartu baitio.

Aste honetan, etxetik kanpo jokatuko dute mutilek berriro, Zumaiakoren zelaian. Neskek, berriz, Erandioko Betiko Neskak hartuko dute, larunbat eguerdian Zubipen; sailkapenean juxtu aurretik daukaten taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!