Ansa II.ak Masterseko titulua defendatuko du finalean

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

Ansa II.ak aginte makila hartu du erremontean.

30-23 nagusitu zaio Azpirozi ligaxkako bigarren partiduan, eta lehenengo finalista da.

Imanol Ansa urnietarra da Kutxabank Masterseko lehenengo finalista, Azpirozi 30-23 irabazi ondoren, ligaxkako bigarren partiduan. Ansak zortzi puntu dauzka sailkapenean, eta ligaxka lehenengo postuan bukatzea ziurtatu duenez, 2023ko titulua defendatuko du finalean. Bestalde, Azpirozek eta Juaneneak datorren larunbatean jokatuko dute finalerako txartela, ligaxkako hirugarren partiduan. Pun­turik gabe daude biak, eta beraz, partiduko irabazlea izango da bigarren finalista.

Ansa II.ak Azpiroz gainditu zuen ostiralean, peloteo askorik izan ez zuen partiduan. Sakeak eragin haundia izan zuen. Ansa II.a oso fin ibili zen sakearekin, hamar tanto ere egin zituen, eta beste sei errestotik. Horrela, bere tantoen erdia baino gehiago pelotakada bakar batekin iritsi ziren.

Edonola ere, Azpiroz bukaerara arte mantendu zen partiduaren lehian. Aurkariak baino huts gutxiago egin zituen (berak lau eta Ansak sei), baina bere pelotakadek ez zuten urnietarraren kolpeen adinako minik egin. 

Markagailua oso parekatuta joan zen ia amaierara arte. 15nako berdinketaren ondoren, Ansak bi tantoko errenta hartu zuen, baina partidua ez zen 26-21era arte hautsi. Ordura arte errenta ez zen bi tantotik gorakoa izan, eta abantailarik haundiena azken emaitza izan zen. 

Urrizak eta Larrañagak irabazi zuten binakako estelarra

Ostiraleko estelarrean, Urrizak eta Larrañagak 2-0 irabazi zuten, 15-12 eta 15-14ko partzialekin, Aldaberen eta Barrenetxearen aurka. Oso partidu parekatua izan zen, baina gorriek hobeto bukatu zituzten jokoak. Lehenengoan Larrañaga nabarmendu zen, eta 10eko berdinketaren ondoren seta amaiera onarekin itxi zuten. Bigarren setak urdinen jokoa hobetu zuen. Barrenetxea hobeto aritu zen, horrek partiduan mantendu zituen, eta lehia berdintzetik gertu izan ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!