June Ruiz Belategi, Europako kadete mailako sable txapelketarako deitua

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 13a, 00:00

June Ruiz, jokatutako txapelketa batean.

Napolin jokatuko da Europako Txapelketa, otsailaren 21etik 26ra, eta tiratzaile hernaniarra taldeka eta bakarka arituko da.

June Ruiz Belategi tiratzaile hernaniarra Espainiako Esgrima Federazioak deitu du, otsailaren 21etik 26ra Napolin (Italia) jokatuko den Europako kadete mailako sable txapelketan parte hartzeko. 

Azpimarratzekoa da taldea estatuko lau tiratzaile onenek bakarrik osatzen dutela eta June Ruizek banakako eta taldekako proban parte hartuko duela.

Estatuko eta nazioarteko probetan lortutako emaitza onak direla eta lortu du June Ruiz Belategik, espainiar selekzioko kide izateko plaza. Junior mailako Munduko Kopan parte hartu izan du aurretik, Mundu mailako tiratzaileekin. 

Donostiako Fortuna CDko tiratzaileak, Igor Otaegi maisuarekin eta Pablo Martinezekin entrenatzen du.

Deialdi hau historikoa da tiratzaile gipuzkoar eta euskaldunentzat, bere taldekidea den Markel Amat Baztarrika pasaitarra ere deitua izan baita. Historian lehenengo aldiz izan dira bi euskal tiralari aukeratuak.

Gainera, estatu mailan bi ordezkari dituen klub bakarra da Fortuna, sable modalitatean. 
Joan den denboraldi bikainaren ondoren, non June Ruiz Belategik bere mailako Espainiako txapelketan garaipena eta brontzea lortu zituen M17an, hau aurrerapauso haundia da esgrimako elitean tokia lortzeko eta finkatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!