Bi ipuin kontaketa Antziolan, Ahoz Aho jaialdia hasteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 10a, 00:00

Charo Pita galiziarra izango da kontalarietako bat, aurreneko saioan.

Otsailaren 16an izango da saioa, 17:30etan hasita Libgunean, Odei Arregiren eta Charo Pitaren eskutik.

Hastear da Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia, Intujai Teatroak antolatu eta Euskal Herriko hainbat herritan gauzatzen dena. Bertako zein nazioarteko ipuin-kontalariak elkartzen ditu, eta familientzako zein helduentzako saioak eskaini ohi dituzte. 

Hasi berritan, otsailean bi geldialdi egingo ditu jaialdiak Hernanin. Aurrenekoa, hilaren 16an egingo dute, datorren ostiralean, Antziolako Libgunean. Haurrentzako bi ipuin kontaketa saio izango dira bertan, arratsaldeko 17:30etan hasita: Odei Arregik eskainiko du aurrenekoa euskeraz, eta Charo Pita kontalari galiziarrak bigarrena gazteleraz.

Egun gutxi beranduago bueltatuko da Hernanira Ahoz Aho jaialdia: otsailaren 22rako jarri dute bigarren hitzordua, ostegunarekin. Helduentzako saioa izango da, 19:00etan hasita Biterin, Aldo Mendez kubatarraren eskutik, gazteleraz.

Martxoan egingo du hirugarren geldialdi bat jaialdiak Hernanin. Kasu horretan, Zikuñagako Libgunean egingo dute saioa, martxoaren 15ean, 17:30etan hasita. Haurrentzako ipuin kontaketa bikoitza izango da hori ere: Iñaki Carretero ariko da euskeraz, eta Vera Makicevica letoniarra gazteleraz.

Hernanitik harago, Euskal Herriko beste herri askotan egingo dituzte ahozkotasunarekin lotutako saioak; gehienak Gipuzkoan. 40 ekitalditik gora izango dira, otsailaren 15ean hasi eta martxoaren 27ra bitarte, jaialdi eta topaketa potoloak tartean, Arrasaten, Ordizian, Tolosan, Asteasun, Elduainen, Eskoriatzan, Iruran, Ibarran, Ataunen... Horietan, guztira 31 artistak hartuko dute parte, mundu osotik etorritakoak. Egitarau osoa ikusgai dago Intujai Teatroaren atarian: intujaiteatro.blogspot.com.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!