Denboraldiko azken txanpan sartzen ari da Hernani, mutilen Ohorezko B Mailan. Uribealdearen zelaian jokatuko du gaur arratsaldean, eta horixe izango du, hain juxtu, denboraldiko azkenaurreko partidua etxetik kanpo. Mungiako Atxurizubin izango da, arratsaldeko 16:00etan hasita.
Irabazi beharreko partidua da trikoloreentzat, une honetan A multzoan duten lidertza sendotzeko. Sailkapeneko azkenaurrena da Uribealdea, bederatzi partidutik bi irabazita. Gaurkoan garaipena lortu eta, ahal dela, erasoko bonusa eskuratzen saiatu behar du Hernanik, konpromiso gogorragoei begira. Gernika izango da aurkari nagusia denboraldia buru-buruan bukatzeko (lau puntu gutxiago dauzkate bizkaitarrek), baina trikoloreek dagoeneko jokatu dute haien kontra, bigarren fase honetan; eta baita irabazi ere. Hori horrela, Gaztediren eta Oviedoren kontrakoak izango dira bi partidu zailenak, liga bukaerara bitarte; biak ere Landaren.
Konpromiso gogor horietako bat izango du Gernikak asteburu honetan: Gaztediren kontra ariko da etxean bihar, eguerdiko 12:00etan hasita. Hortaz, abantaila haunditzeko asteburua izan liteke hernaniarrentzat.
23 urtez azpiko mutilak, Les Abellesen kontra Landaren
Hernaniko beste hiru taldek ere jokatuko dute asteburu honetan, hirurek etxean. 23 urtez azpiko mutilen taldeak bihar jokatuko du, eguerdiko 12:00etan hasita. Les Abelles hartuko dute trikoloreek Landaren, estatuko ligan.
Gaur jokatuko dute 18 eta 16 urtez azpiko mutilen taldeek, Landaren bertan, Euskal Ligako partidua. 18 urtez azpikoek La Unica hartuko dute 11:00etan, eta 16 urtez azpikoek Durangoren bisita jasoko dute 12:30etan.