Gaur arratsaldean jokatuko dute Galarretan Masters Txapelketako ligaxkako bigarren jardunaldia. Ansa II.aren eta Azpirozen partidua izango da, eta urnietarrak finalerako txartela lortu dezake.
Ansak 30-22 irabazi zuen lehenengo jardunaldiko partidua Juanenearen aurka, eta lehenengo 4 puntuak eskuratu zituen. Hala ere, gaurkoan momentu ederrean dagoen erremontaria izango du aurrean. Azpirozek Barrenetxea IV.a ligaxkatik kanpo uztea lortu zuen kanporaketako partiduan, eta konfiantza haundiarekin hasiko du fase honetako ibilbidea.
Jaialdia arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta beste bi partidu ere jokatuko dituzte bertan. Lehenengoan Zaldua II eta Eskudero Gurrutxagaren eta Aiestaran VI.aren aurka arituko dira; hirugarren partiduan, berriz, Urriza eta Larrañaga Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren kontra.