Txotx denboraldia

Txotx denboraldian bizikidetza errazteko neurriak jarri ditu martxan Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 9a, 00:00

'Ez da sagardoa, zu zara' kanpainaren aurkezpeneko irudia.

Hernanira datozen pertsonei «euren jarreren ardura hartzeko eta errespetuz jokatzeko» eskaera egin die Udalak.

Aurten ere Hernaniko Udalak martxan jarri ditu bizikidetza errazteko zenbait neurri. Txotx denboraldiak irauten duen bitartean mantenduko dituzte indarrean, «jende asko biltzen den denboraldi honetan Hernanin elkarbizitza arduratsuaren alde» egiteko: «Hernanira datozenei euren jarreren ardura hartzeko eta errespetuzkoak izan daitezen dei egiten diegu». 

Ez da sagardoa, zu zara kanpainari egin diote erreferentzia Udaleko kideek. Aurtengoan, Astigarragako Udalarekin bat egin dute «gure herrietan eraso matxisten eta arrazisten kontra» egiteko. Gisa horietako erasoen aurkako protokoloa indarrean jarri du Hernaniko Udalak, eta bertako tabernei eta sagardoegileei helarazi die, «gertakaririk suertatuz gero langile guztiek jakin dezaten zer egin». 

Erasoen aurrean, horiek salatzeko edo berri emateko zenbait modu ahalbidetu ditu Udalak: Kulturarteko Plaza Feministara joanda, 943 33 70 17 telefonora deituta, edo kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera idatzita. «Hernaniko Udalak argi adierazi nahi du guk sinesten dizugula. Eraso hauen berri ematera animatu nahi ditugu herritarrak», azaldu dute.

 

Udaltzaingoen formakuntza, martxan

Udaltzainen ordutegiak eta txandak indartzeaz gain, agente guztiak indarkeria matxistaren eta arreta babeslearen inguruko formakuntza jasotzen ari dira. Gainera, Gudarien plazan ohiko segurtasun eta informazio puntua jarriko dute aurten ere. 

 

Baso berrerabilgarriak herriko 16 establezimendutan

Dagoeneko herriko establezimenduetan daude baso berrerabilgarriak. Hondakinen kopurua murrizteko eta kaleak garbiago mantentzeko neurri modura planteatu du Hernaniko Udalak, eta herriko 16 establezimenduk egin dute bat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!