Luis Llopis Portugal 'Hernaniar Bikaina' izendatu du Xalaparta Elkarteak

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 7a, 00:00

Luis Llopis Real Madrideko atezainen entrenatzailea da.

Ekainaren 15ean izango da, gaur egungo Real Madrid taldeko atezainen entrenatzailearen izendapen ofiziala, Xalapartan bertan.

Xalaparta Elkarteak, Luis Llopis Portugal izendatu du 2024garren urterako Hernaniar Bikaina, pasa den igandeko batzarrean. Luis Llopis Portugal hernaniarra nazioarteko atezainen entrenatzaile onenetakotzat jotzen da eta gaur egun Real Madrideko atezainen entrenatzailea da, Carlo Ancelottik zuzentzen duen taldean. Izendapen ofiziala datorren ekainaren 15ean egingo da, Xalapartaren 42garren urteurrena ospatzeko bazkarian.

Biyok argazki dendako semea, Hernanin jaio zen 1964an. Astigarragako Irrintzi taldearekin hasi zen atezain 'playerotan', Joxan Zubiarrain Hernaniko erdiko aurrelari mitikoak entrenatuta. Realak fitxatu zuen, hainbat urtez beheko mailetan jokatuz. C.D. Hernaniko jubeniletara itzuli zen atea defendatzera 1980, 1981 eta 1982 urteetan. Gipuzkoako jokalari gazte onenaren saria jaso zuen. Gipuzkoako Selekzioaren atea defendatzeko hautatu zuten gazteen Espainiako Txapelketan parte hartzeko. 

Gazte Mailako etapa 1983an amaitu zuen eta Tolosak fitxatu zuen. 1985, 1986 eta 1987 urteetan Pasaian jokatu zuen Hirugarren Mailan. 1988an C.D. Hernanira itzuli zen Hirugarren Mailan, baina lesio larri baten ondorioz futbola utzi behar izan zuen. 

Joxemari Ostolazak, jokalari izandakoak eta entrenatzaileak, C.D.Hernaniko atezainak entrenatzea proposatu zion. Horrela hasi zuen Luis LLopis Portugalek atezainen entrenatzaile ibilbidea. Kopy Lacasa, Josetxo Mendiluce, Joxemari Ostolaza, Iñaki Sena, Fertxu Cuesta, Imanol Garmendia, Iñaki Perurena, Xabier Lizaso.... entrenatzaileekin egin zuen lan, eta CD. Hernaniko Juanba Ayerbe, Oscar Galindo, Aritz Etxeberria, Aitor Salillas, Patri Alda, Ardaitz Garcia... atezainekin aritu zen lanean.

 

Ibilbide oparoa izan du azken 20 urteetan, elite mailan

Futbol-atezainen entrenamenduan bere ezagutzak eta esperientziak garatzen eta transmititzen hasten da. Hainbat liburu eta bideo argitaratu zituen arrakasta haundiz gai horiei buruz: Futbol atezainaren inplikazioa joko kolektiboan; Futbol atezainaren entrenamendurako metodologia globala; Atezaina gaur egun; Atezainen entrenatzaile espezialista

Eliteko futbolera salto eman zuen Real Madrideko klubean, harrobiko taldeekin lanean, 2005ean.

Ondoren, Joaquín Caparrosekin batera Athletic-era iritsi zen (2008-2011). Caparrosekin batera salto eman zuen Mallorcara 2011an, Neuchâtelera 2012an, Levantera 2013an, Granadara 2014an eta Real Madrideko lehen taldera iristen da 2015ean. Bertan hiru urte egin zituen, 25 partidu Rafa Benitezekin (bitxia da Jose Manuel Otxotorena atezain eta entrenatzaile hernaniarrarekin ere urte asko egin zituela Benitezek Valentzian eta Liverpoolen) eta beste guztiak Zinedine Zidanekin. Realak 2018an fitxatu zuen Luis Llopis eta Donostian beste hiru urte egin zituen Imanol Alguacilekin, 2021ean berriz ere Real Madridera itzultzeko, Carlo Ancelottiren agindupean. 

Besteak beste, Keylor Navas, Alex Remiro, Courtois, Miguel Moya, Kepa Arrizabalaga, Unai Simon, Dimitreski, Gero Rulli, Gorka Iraizoz eta beste atezain asko entrenatu ditu.
Nazio eta nazioarte mailako txostengile ezaguna, ospetsua eta estimatua da. Espainiar estatuko ia hiriburu eta futbol federazio guztietan parte hartu du hitzaldietan, baita nazioarteko hiriburu eta herrialde askotan ere, hala nola Atenasen, Porton, Amsterdamen, Qatarren, AEBn eta abarretan. Federazioetako futbol entrenatzaileen programetan ohikoa da. Bere curriculumean Ligak, Championsak, Errege Kopak... irabazi ditu.

 

HERNANIAR BIKAINA

XALAPARTA ELKARTEA


1988 Joxe Mari Garin
1989 Elias Kerejeta
1990 CD. Hernani
1991 Martin Zabaleta
1992 Antxon Idarreta
1993 Luis Blas Zulueta
1994 Prudencio Aierra
1995 Juan Bautista Adarraga
1996
Ignacio Iruin
1997 Manuel Sagarna
1999 Jacinto Santin
2001 Fermín Cuesta
2003 Angel Olaran
2005 Alfredo Azkue eta ines Sarasua
2007 Jose Maria Setien
2009
Patxi Apezetxea
2012 Empar Pineda
2014 Luis Telleria
2016 Errugbi elkartea
2018 Maialen Lujanbio
2022 Carlos Sanchiz
2024 Luis Llopis

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!