Gorka Setien Berakoetxea poemagile hernaniarra hil zen, 65 urterekin, igandetik astelehenera bitarteko gauean. Venezuelako Bartzelona hirian jaio zen, 1958ko apirilaren 23an eta bost liburu idatzi zituen. Lehenengoa eta ezagunena Eta zergatik ez… Sigrid? izan zen. Susa argitaletxeak argitaratu zuen 1983an eta Ramon Agirrerekin, Eneko Olasagastirekin eta Maripi Solbesekin batera idatzi zuen.
Ondoren, beste lau liburu gehiago ere argitaratu zituen: 1985ean Ez sinkronia, hau ere Susa argitaletxearekin, eta 21 urteko etenaldiaren ostean heldu ziren; Aparkalekuko felizidadia (2006), Paperzaleak Elkarteak argitaratua; Ertzetako inkomunikazioak (2008, egilea editore) eta Naufragoen altzoa (2019, egilea editore), azkenik.
2011n bere irudi eta testuz osatutako erakusketa bat ere zabaldu zuen Hernanin, Erre produkzioak titulupean. Eta egilearen gogoetak bildu zituen orduan Hitzen Uberan atariak.