Legorburuk sari bikoitza irabazi du Florentino Goiburu lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 00:00

Aloña Galarraga eta Iñigo Legorburu, sariekin.

Lehenengo saria 'Influ-ezer' bertso sortarekin lortu du eta bigarren saria, 'Esan gabe doa' lanarekin.

San Blas jaien barruan, igande eguerdi honetan eman dituzte jakitera I.Florentino Goiburu bertso-paper lehiaketako irabazleak Idiazabalgo plazan eta bertan, helduen mailako lehen eta bigarren saria Iñigo Legorburuk eraman ditu Influ-ezer eta Esan gabe doa lanengatik.

Lehiaketa, Idiazabalgo bertsozale taldeak eta Illati euskara elkarteak antolatu dute. Lehen urtea izaki, sariketari oihartzun haundiegirik emateko denborarik ez dute izan eta gazteetan ez da lanik aurkeztu, helduetan 11 bertso-sorta aurkeztu diren bitartean. Arauek hala aginduta, bertso-sorta guztiek 6 bertsoko luzeera eduki behar zuten.
Lehenengo sarian
Influ-ezer lanaren bidez, Legorbururen hitzetan «hain balio erraz eta eskasetan oinarritutako influezerrak kritikatu nahi izan ditut. Izan ere, konturatua nago pantailek eta internetek gurasoongan sortzen dituzten kezkak eta nik ere nire aletxoa jarri nahi izan dut kezka horretan».

Lanarengatik 300 euroko saria eta egurrezko garaikurra jaso zituen non Goibururen argazkiarekin batera, bere sorta irabazlea grabaturik ageri den.
Bigarren sariarekin,
Esan gabe doa lanean emakumezko baten ezinegonak eta urduritasunak agertzen saiatu da «oholtzara hitz egitera atera behar duen neskato gazte baten azalean jarrita, non genero rolek zeharkatzen duten».

Azken bertsoan ordea, sorpresa bat dago eta neskak zeinu bidezko hizkuntzan jardun behar duela agerian geldituko da. Bere lanarengatik 100 euro eta Idiazabalgo gazta eder bat jaso zituen.

 

Idiazabaltar onenak ere saria eskuratu zuen

Aloña Galarraga izan zen idiazabaltarrik onena eta hark ere saria jaso zuen Zintzarri hotsez goierritar euskalkian idatzitako lan bati esker, non Florentino Goibururen biografia errepasatzen den. Sei bertsoak buruz abestu zituen, herrikideen miresmena lortuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!