Gorka Setien idazle hernaniarra hil da

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 5a, 18:11

Bost poema liburu idatzi zituen bizitzan zehar, duela 65 urte Venezuelako Bartzelonan jaio zen idazleak.

Gorka Setien poemagile hernaniarra hil da, 65 urterekin, bart gauean. Venezuelako Bartzelona hirian jaio zen, 1958ko apirilaren 23an eta bost liburu idatzi zituen. Lehenengoa eta ezagunena Eta zergatik ez… Sigrid? izan zen. Susa argitaletxeak argitaratu zuen 1983an eta Ramon Agirrerekin, Eneko Olasagastirekin eta Maripi Solbesekin batera idatzi zuen.

Ondoren, beste lau liburu gehiago ere argitaratu zituen: 1985ean Ez sinkronia, hau ere Susa argitaletxearekin, eta 21 urteko etenaldiaren ostean heldu ziren; Aparkalekuko felizidadia (2006), Paperzaleak Elkarteak argitaratua; Ertzetako inkomunukazioak (2008, egilea editore) eta Naufragoen altzoa (2019, egilea editore), azkenik.

2012an bere irudi eta testuz osatutako erakusketa bat ere zabaldu zuen Hernanin, Erre produkzioak titulupean. Eta egilearen gogoetak bildu zituen orduan Hitzen Uberan atariak.

Mundu txikiak haunditu, eta erakusketan jarri zituen Gorka Setien hernaniarrak. Eskuz sortu zituen irudiak, naturako hazi, landare eta zati txikiekin eginak, eta tartean, egungo hainbat elementu erantsita: letrak, kristalak eta abar. Sin­bolo zahar eta berriak ikusi zitezkeen erakusketan, eta funtsean, bizitzaren parabola konta­tzen zituen: iraganetik, egoera ideal baterako bidea. 
 
Argazkirik gabeko irudiak
Irudi txikiak sortu, eta eskaneatu egin zituen Setienek; gero, haunditu, eta erakusketan jar­tzeko. Irudi bakoitzak bazuen bere izaera, eta denek batera, ideia bat biltzen zuten. Setienek zioenez, «feminismoak zentzua ematen dio bizitzari, eta etorkizuna hor dago: feminismorik gabe ez dago ezer. Egungo egoera, bizitza, kuartel bat da; hona iristeko, emakumeak suntsitu nahi izan dituzte, eta hortik sortu ziren patriarkatua eta kapitalismoa. Hori hausteko modu bakarra da, berriz lehenera egitea». 
 
Kultura eta artea, bizitzari balioa ematen diotenak
Testuari bere lekua eman zion Setienek, bakarka egiten zuen lehendabiziko erakusketa ho­rreetan. Erdiz erdi jarrita zegoen testuak laburbiltzen zuen artistaren ideia; alegia, arteak eta kulturak ematen diola bizitzari zentzua eta balioa.
 
Irudiez gain, hainbat poema ere irakurri zitezkeen bertan. Hemen, horietako bat:
 
Zertarako da poeta bat
ez bada matxinadaren hitz bilakatzen. 
Poetak egin behar luke lurrean eseri
eta jainkoak hil, mendeku hartu 
haragi adimentsua sentittu
goxo eta zalantzarik gabe
maitasunaren alde egin
izpiritualtasunari barre egin behar lioke poetak, zertarako balio du poeta batek bestela?
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!