Sagarreta natur taldeak, urtarrilean Hernaniko ikastetxeak Iturolako hazi mintegira gonbidatu ditu lan egitera. Hezkuntza plataformarekin adostu den ekintza hau, urtarrilaren azken hamabostaldian burutu da. Guztira 180 haur inguruk parte hartu dute.
Lehen Hezkuntzako Ikastetxe guztiak izan dira tailerretan. Hazi eta ezkurrak ereiteko saio bana egin dute Iturolan. Bertan, gainera azaroan ereindako hazien garapena ikusteko aukera izan dute, basoa eta naturari buruzko azalpenak eman dituzte Sagarretako kideek eta jokoak proposatu dira. Haur bakoitzak ereindako hazi bat eraman du etxera poto batean.
Helburua izan da bertako basoen eta bioaniztasunaren ezagutza sustatzea herriko haurren artean eta ikastetxeekin elkarlanean aritzea mintegiaren proiektuan.
Urtarrilaren 17an, Txirrita ikastetxea LH 1-2, izan ziren tailerretan. Egun berean, Aratz ikastolako LH3ko ikasleak izan ziren. Langile ikastolako, LH3ko ikasleen txanda izan zen ondoren, urtarrilaren 19an. Urumea ikastolako LH3koak urtarrilaren 24an izan zuten saioa eta Elizatxo ikastolako LH3ko bi gelek urtarrilaren 31n izan zuten tailerra.
Hazien mintegia udazkenean jarri zen Iturolan
Sagarreta natur taldeak bertako hazien mintegi bat jarri zuen martxan pasa zen udazkenean. Urrian ezkurrak eta haziak bildu ziren mendian, eta azaroan 2.700 hazitik gora erein ziren hazitegi edo mintegian, gero bertan lanketa egiteko.
Hazitegiaren instalazioa Iturola eraikinaren atzean jarri da eta hori bisitatu dute ikasleek urtarrilean. Bestalde azaroan mintegian ereindako ezkurrak eta haziak ari dira ernaltzen, tartean haritz kandugabearen ezkur ugari ernaldu dira (Quercus Petraea).