Garaipen erosoa Bera Beraren kontrako derbian, lider jarraitzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 6a, 00:00

7-52 nagusitu zen Hernani, Anoetako Miniestadioan, eta erasoko bonusa ere eskuratu zuen.

Igoera fasetik kanpo geratu ondoren, oso sendo hasi du Hernanik ligaren bigarren erdia, Ohorezko B Mailako A multzoan. Landaren Gernika nagusitasunez menderatu bazuten, beste horrenbeste egin zuten joan den larunbatean Donostian, Bera Beraren kontrako derbian: trikoloreek 7-52 menderatu zuten talde donostiarra, Anoetako Miniestadioan, garaipenaren lau puntuak eta erasoko bonusa eskuratu, eta multzoko lider jarraitzeko.

Bera Berak lortu zuen partiduko aurreneko entsaioa, bosgarren minutuan (7-0); baina hortik aurrera, trikoloreak izan ziren puntuak pilatzen bakarrak, entsaio bat bestearen atzetik kateatuta. Horrela, aurreneko ordu erdia betetzerako, hiru zeuzkaten lortuta, Iker Eizmendiren, Iker Carbajoren eta Jokin Garciaren eskutik; eta beste horrenbeste konbertsio lortu zituen Iker Carbajok: 7-21 iritsi ziren atsedenaldira.

Eta atsedenetik bueltan, beste bost entsaio lortu zituen Hernanik: Beñat Arizetak bi, eta Unax Zuriarrainek, Beñat Iradik eta Ekaitz Arrozpidek bana. Horietatik hirutan lortu zuen konbertsioa Arizetak.
 

Bi partidu gogorrenak, etxean

Bost partidu dauzka Hernanik aurretik, lau puntuko abantailari eusteko. Horietatik, bi partidu gogorrenak etxean jokatuko ditu: Gaztediren kontra, martxoko aurreneko asteburuan; eta Oviedoren kontra, hurrengoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!