Inudeek, Artzainek eta musikariek ateak zabaldu zizkioten Inauteriari

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 5a, 00:00

Jende ugari elkartu zen atzo eguerdian Gudarien plazan. Kontzertu berezia eskaini zuen Bandak.

Inauteri usaina bete betean sartu zen atzo Hernaniko kaleetara. Inudeen eta Artzainen konpartsak lau haizetara iragarri zuen festak iristear direla, eta Urumea ikastolako 150 haurrek asko gozatu zuten konpartsan. 

Eguraldiak errespetatuta, kale buelta guztia egiteko aukera izan zuten konpartsako kideek. Kalez kale aritu ondoren, Gudarien plazan egin zuten ekitaldi nagusia, ohiko antzerki eta dantza saioarekin. Bertan izan ziren, Inude eta Artzainez gain, globeroak, piruleteroak, bakileroak, umezainak, alkatea, udal idazkaria, sendagileak, erizainak eta argazkilaria.

Bandak hartu zuen lekukoa

Urteroko legez, Hernaniko Musika Bandaren laguntzaz egin zuten plazako ikuskizuna Inudeek eta Artzainek. Ondoren, antzerkia bukatutakoan, Bandak hartu zuen giroa mantentzeko ardura. Inauterietako kontzertua eskaini zuten Udaletxeko Arkupeetan, eta herritar ugari elkartu ziren bertan. Tolosako inauterietako ohiko doinuak jotzeaz gain, eskaintza berezia prestatu zuten kontzerturako. 

 

Iñaki Cia, Jorge pacheco eta Joxe Mari Oiartzabal, atzoko kontzertuan.
 

Guztietan bereziena Joxe Mari Oiartzabal musikagileak Iñaki Cia Olaskoaga bonbardinojolearentzat prestatutako kantua izan zen. Cia bera aritu zen bakarlari lanetan, txalo zaparrada haundia jaso zuen amaieran, eta oholtzan elkartu ziren biak abestia bukatu zenean.

Erlazionatuak

Inude eta Artzainak

Kronika - Erredakzioa ots 05 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!