Hernaniko kiroldegiko bazkideek aukera dute 'Mugiment' sareko kirol instalazioa erabiltzeko. Modu honetara, Hernaniko erabiltzaileek, 100 herri baino gehiagotako instalazioetara sartzeko aukera izango dute; hala nola, Astigarragakora, Andoainekora, Donostiakora, Errenteriakora, Oiartzunekora, Usurbilekora, edota Villabonakora.
Horretarako, kiroldegiko erabiltzaileek 'Mugiment' aplikazioa deskargatu beharko dute, telefono mugikorrean: «bertan, jasotzen den kode batekin sartu behar baita kirol instalazioetan», azaldu du Udalak. Era berean, instalazio bakoitzak kanpoko herrietako abonatuak hartzeko ordutegiak zehazten ditu, eta, beraz, Udalak ondorengo argibidea eman du, «hernaniarrek beste herrietako kiroldegiak erabili nahi badituzte, lehenengo zein ordutegietan sar daitezkeen kontsultatu ahal izango dute aplikazioan».
Horrez gain, 'Mugiment' sarean dauden beste herrietako kiroldegietako abonatuek ere herriko instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, Hernaniko kiroldegiak erabaki duen ordutegi jakinetan.
'Mugiment' Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako eta Bizkaiako Aldundiek sustatzen duten egitasmoa da. Eta Hernaniko Udalak sarearekin bat egitea erabaki du, «uste dugulako zerbitzua zabaltzeak Hernaniko herritarrei onurak ekarriko dizkiela».
Informazio gehiago nahi izanez gero, 'Mugiment' sarearen atarian eskuratu dezakete herritarrek: 'kiroltxartela.eus' helbidean.