Martxan da gazteentzako doako aholkularitza psikologiko zerbitzua

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 3a, 00:00

Izena eman beharko da aldez aurretik.

Udalak jarri du martxan zerbitzua eta 16 eta 30 urte arteko gazteei bideratutakoa izango da.

Hernaniko Udalak aholkularitza psikologiko zerbitzua eskainiko die doan Hernaniko 16 eta 30 urte arteko gazteei. Atzo aurkeztu zuten zerbitzu berria Xabier Lertxundi alkateak, Aitor Lukas Gazteria zinegotziak, Maider Errasti Gazteria teknikariak eta Jone Murua psikologoak.

Bakarkako zein taldekako saioak izango dira, eta hainbat gai lantzeko prestatua dago: osasun mentala, osasun emozionala, autozainketa, elikadura-portaera nahasmenduak, menpekotasun, egoerak, familia harremanak, harreman sozialak... 

Zerbitzua hernaniar gazteei zuzenduta dagoen arren, bigarren mailako erabiltzaileak ere aurreikusten dituztela azaldu du Aitor Lukas zinegotziak; besteak beste, gazte horien guraso edo tutore, eta haiekin lan egiten duten profesionalak.

 

Gazteria sailaren lokalean eskainiko da zerbitzua

Zerbitzua Gazteria sailaren lokalean emango da (Aristizabal, 7), bi astetik behin, ostegun arratsaldetan. Erabiltzaile bakoitzak gehienez ere bost saio jasotzeko aukera izango du, eta Jone Murua psikologoak azaldu duenez, saioak «gertutasunetik eta zintzotasunetik” egingo dira eta “konfidentzialtasuna bermatuko da uneoro”. 

Interesa duenak aldez aurretik izena eman beharko du gazteaholkularitza@hernani.eus-era idatzita edo 943 33 70 41 telefonora deituta.
“Lehen saioetan bilatzen den laguntza identifikatuko dugu eta horri ahalik eta erantzun egokiena ematen saiatuko gara”, adierazi du Muruak.

 

16-30 urte arteko gazteen %8,3k pairatzen du antsietatea

Eusko Jaurlaritzaren inkesten arabera, 16-30 urte arteko gazteen %8,3k antsietate eta depresio-sintomak izan zituen inkesta hori egin aurretik. Hernaniko herritarren %14a da adin-tarte horretakoa, hori dela eta, Xabier Lertxundi alkatearen esanetan, “Udalak gazteek merezi duten garrantzia eta errespetuarekin jarriko du martxan aholkularitza zerbitzu hau”.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!