«Lujanbioren aitortza ona izango da gazteei erakustarazteko bolondresak oraindik badirela»

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 3a, 00:00

Eguerdiko 13:00etan izango da aitortza.

Bihar egingo dio aitortza Hernaniko Musika Bandak Miguel Lujanbiori, urte guzti hauetan bandan egin duen lana eskertzeko. Eguerdiko 13:00etan izango da udaletxeko arkupeetan, urteroko Piñata kontzertuaren baitan, eta bandako kideek herri osoari zabaldu die bertaratzeko deialdia.

25 urte egin ditu Lujanbiok bandan. Nolakoak izan ziren haren hastapenak?

Uste dut, kontzertuen esku-programak zabaltzen hasi ginenean, norbaitek esku bat botatzeko eskatu ziola, eta hala hasi zela. Hurrengo kontzertuetan berak hartu zuen ardura hori: bere 'bulegoa' Rioja taberna zen, guk han uzten genituen programak eta bagenekien berak hartuko zituela eta kontzertua baino ordu erdi lehenago hasiko zela programak banatzen, han inguruan zeuden pertsonei. Baina, gero, aurrerago, hasi zen gure entseguetara etortzen. Era diskretu batean etortzen zen, atzean jartzen zen eta konpainia hori egiten zigun. Abesti batekin hasten ginenean, hori nola lantzen genuen jarraitzea gustatzen zitzaion, prozesu hori segitzea. Eta guretzat bat gehiago bihurtu zen. Santa Zezilia egunean eta, elkartzen garenean ere, bera gonbidatu izan da beti.

Nola deskribatuko zenuke Lujanbio?

Borondatezko pertsona. Laguntzeko prest beti, baina eremu guztietan. Guk bandaren eremuan ezagutu dugu, baina Lujanbiok orduak eta orduak pasa ditu hotz izugarriarekin errifak saltzen Hernaniko futbol kluben alde. Eta beste mila ekimenetan ere lagundu du, baina beti protagonismorik bilatu gabe.

Ospitaletan ere maiz izan da ingresaturik zeuden hernaniarrak bisitatzen.

Bai. Erronda bat egiten zuen, eta ez erakunde baten parte izanda, borondatez egiten zuen, berari ateratzen zitzaiolako. Ospitalean gaixorik zaudenean bisitak jasotzea jende askorentzat oso inportantea da, batzuek familia haundia dutelako, baina beste askok ez. Lehen, zerrenda bat ematen zioten eta hernaniarrak zein logeletan zeuden esaten zioten. Baina gero bisita horiek 'moztu' zizkioten: datuen babesaren legea dela eta. Gogorra izan zen hori, bere bizitzako zutabeetako bat zen eta.

Zuen entseguetara joaten zela diozu. Gazteak bandara sartzen zirenean ez zien harritzen haren presentziak?

Zein galdera polita. Azken urte hauetan jende gazte pila bat sartu da, banda gazte-berritu egin da, eta urteak daramazkigunak, kosta egiten zait esatea baina... zaharrak garenontzat (barreak), figura hori presente egon da beti. Baina orain dauden kide batzuentzat hau dena berria izan da. Aitortza egitea berari ere ona izango da, gazteei erakustarazteko halako figurak, bolondresak, oraindik existitzen direla. Bertan daudela, baina galtzen ari garela. Hemen galdetzen dizuten lehendabiziko gauza da 'Zenbat ordainduko didate?'. Gizon honek egin du dena muxutruk. 

Eta zer esaten zuten? Gazte bat sartzen da bandara eta ikusten dute dinamika bat dauakagula. Nahiko estrukturatua dago banda:  Zu iristen zara, gaztea zara, jende heldua ikusten duzu... eta noski, hor dago beste figura hori, eta onartu bezala egiten duzu, 'beno hor dago'. Askok igual pentsatuko dute agian bandako kide zahar bat izan dela.

Nondik datorkio musika zaletasun hori.

Nik uste, gizon honek daukala orokorrean hernaniar sena zainetaraino sartuta. Bandaren barruan badakizu zer zen beretzat super inportantea? Estandartea. Lehen bandaren aurretik pertsona bat joaten omen zen halako batekin. Gurea jasota dago, baina oso zaharkitua dago eta, bere garaian erabaki genuen estandarte hori nolabait berritzea. Luis Telleria hernaniarrak egin zuen ezertxo ere kobratu gabe eta Miguelek askotan esan du daukan argazkirik politena dela bera estandarte horrekin agertzen dena.

Ohorezko ikur bat emango diozue bihar, hori ez dago edonoren eskura.

Bai, pin bat izango da. Pertsona bat bandan 25 urte aritu bada, zilarrezko ikur bat ematen zaio, Hernaniko Musika Bandako ikurra. Eta berari emango zaio zilarrezko pina. Ez zuen ezertxo ere nahi. Gizon oso berezia da, zentzurik goxoenean diot. Txapel bat eramaten du beti eta txapelean hiru pin dauzka berarentzat oso inportanteak direnak: dauka Hernaniko eskudoa... Eta esan nionean: «Bale, ez degu oroIgarririk egingo, baina pin bat egiten badugu zuretzat? Eta pinari baietz esan zion. Orduan pin bat jarriko zaio eta, segur aski, txapela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!