Donostiako Kote Olaizola miniestadioan jokatuko du gaur Hernanik bigarren faseko bigarren partidua, Ohorezko B Mailan. 16:00etatik aurrera Bera Bera izango dute aurkari trikoloreek. Hernaniarrak lider jarri ziren aurreko astean Gernika ongi garaitu eta gero, eta denboraldia lehenengo postuan amaitu nahi dute. Horretarako, gaur irabaztea beharrezkoa da. Bera Berak Gijon gainditu zuen aurreko astean, baina ez dago bere sasoirik onenean. Denboraldian zehar asko sufritu dute eta kirol maila aurreko urtean baino apalagoa izan da. Hernani faborito argia izango da partidua irabazteko. Beste mailetako taldeek atsedena izango dute asteburu honetan, indarberritzeko.