Hernanitik Buruntzara eta indarrak berritu ostean, ipar aldetik behera

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 3a, 00:00

Buruntzako tontorrera iritsiko gara, Hernanitik aterata.

Otsailaren 18rako Buruntzara irteera antolatu du Mendiriz Mendik , bertako lau baselitzak eta Burdin Aroko herri-harresia ezagutzeko.

Buruntza (441 m) Hernanitik ikusten den mendia da. Andoain (hegoaldera), Lasarte-Oria (iparraldera) eta Urnieta (ekialdera) herrien artean dago, hango herriguneetatik gertu. Mendia ipar-ekialdetik hego-mendebalderako norabidean luzatzen da eta Hernanitik ikusita oso profil polita du, Txindokik duenaren modukoa. Mendiaren ekialdeko magalean, mendia guztiz desitxuratzen duten bi harrobi daude. 

Buruntzako Burdin Aroko kastro edo herri-harresitua, Gipuzkoan aurkitu diren burdin-aroko zortzi gune arkeologiko bat da. Buruntza mendiko gurutzetik gertu, bere hego-magalean, 400 metroko desnibelean, dago aztarnategia. 1989ko maiatzean aurkitu zuen herrixka Aranzadiko Carlos Olaetxeak.

Aztarnak Kristo Aurreko V. eta IV.  mendekoak dira.  Mediterraneoan kultura aurreratuagoak garatzen ari ziren bitartean Europako beste hainbat lekutan zeuden biztanleei buruzko informazioa ematen digute aztarnategi hauek. Merkatariak ere baziren eta inguruko eta urrutiago zeuden herriekin harremanak zituztela frogatu da. Garai hartan, inguru hauetako biztanle guztiak artzainak zirela eta beste herri edo taldeetatik isolaturik bizi zirela zioen ideia baztertu dute aztarnategi horiek.  Herria harresituta dago. Beraz, babes-leku modura erabiltzen zen. Bere kokalekua ere estrategiakoa da. Lasarte aldetik Buruntzak dituen aldapak oso malkartsuak dira eta toki horretatik ezin da erasotu. Erasoak derrigorrez hegoaldetik, Andoain aldetik, etorri behar zuen, eta herri harresitua gailurretik gertu egoteak defentsarako abantaila handiak ematen zizkion.

Herrixka harresi batek inguratzen zuen arren, egun, nahiko gutxi dira barruan aurkitutako aztarnak. Bertan eraikitako etxeak egurrezkoak eta buztinezkoak zirenez, ez da euren aztarnarik handirik gelditu. Aurkitu ziren hondakinen artean zutabe euskarriak, harri-lerroak, harrizko eta metalezko materialak, zeramikak eta animali batzuen hezurrak daude. Zeramikazko pieza hautsiak izan badira gehien agertu zirenak, lau suharri landu eta labe-ontzi batekoak izan daitezkeen kobre eta brontzezko zatiak aurkitu dira bertan.

Oria ibaiaren ibarrean Burdin Aroko lau herrixka topatu dira: Buruntza Andoainen, Basagain Anoetan, Intxur Tolosa-Albizturren eta Murumendi Beasainen. Lau herriak erlazionatuta zeudela garbi dago, eta horrek erakusten digu garai hartako bailara barruko taldeen arteko nolabaiteko elkarlana (edo agian lehia) bazegoela. 

Askorentzat ezezaguna izango da, baina oso aztarnategi garrantzitsua dugu etxetik gertu. 

Orain dela gutxi arte Buruntzako gailurrean 10 metroko altuera zuen zementuzko gurutze zuri bat zegoen. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Andoaingo Falange Española Tradicionalista y de las Jonsen ekimenez altxatu zuten, bando nazionalean hildakoen omenez. 2021eko abenduan Ernai gazte antolakundekoek lurrera bota zuten bere izaera faxistagatik. 2022ko urriaren 1ean, Andoaingo abertzale batzuek metalezko ikurrina duen metalezko masta zuria jarri zuten lehen gurutzea zegoen tokian.

Ibilbide honetan lau baselizaren albotik igaroko gara. Lehena Santa Barbarakoa, bigarrena Azkorteka, hirugarrena Erroke Deunakoa eta azkena Fatimako Ama Birjinakoa. Erroke Deuna baseliza Buruntzako tontorretik gertu dagoen ermita txiki bat da. Zementuzko 4 x 3 metroko barne azalera du eta 4 metroko altuera. Burdinazko ate batek babesten du barrukoa. Baselizatik gertu mahaiak eta tximinia dituen zementuzko babeslekua dago. Tradiziozkoa zen abuztuaren 16an, San Roke egunean meza errezatzea igotzea data horietan Andoaingo Buruntza auzoko jaiak ospatzen baitira.

 

IBILBIDEAREN 
DESKRIBAPENA

Hernanitik irten eta, harrobi atzetik, Saretxo aldera igotzen hasiko gara. Bertara iritsi baino lehen ezkerrera egin eta Santa Barbarako baselizara igoko gara. Bertatik Elutxeta sagardotegira jaitsiko gara, eta hemendik Urnieta eta Lasarte arteko errepidera. Errepidetik Urnieta aldera hirurehun metro inguru egin ondoren, eskuinera egin eta Lasarte aldera doan bideari jarraitu behar zaio. Lehenengo bidegurutzean ezkerrera hartu eta Aizkorte aldera igotzen hasiko gara. Ermitara iristerakoan gailurrera doan bideari jarraitu behar zaio. Ordu erdi eskasean gailurrean izango gara. Nahi duenarentzat tartea izango da aztarnategia bisitatzeko. 

Indarrak berritu ondoren, Erroke Deuna baselizaren aldera jaisten hasiko gara. Zertxobait gehiago jaitsi ondoren eskuinera egin eta, gailurra inguratuz, mendiaren ipar aldera pasatuko gara. Bertan pista batekin egingo dugu topo. Pista horri jarraituz, baso barrutik, berriro Aizkorte baselizara itzuliko gara. Hormigoizko pistari jarraituz Urnieta aldera jaitsiko gara. Bariantea zubi gainetik igaro ondoren Fatimako Ama Birjinari dedikatutako baselizaren albotik igaroko gara, Urnieta herrira iritsi baino zertxobait lehenago. Baseliza hori Urnietara etorritako etorkin portugaldarrek eraikia omen da, beraien Fatimako Ama Birjina maiteari otoi egin ahal izateko.

Urnieta herria zeharkatu eta Lasarte aldera doan errepidea hartuko dugu. Hartu eta metro batzuk aurrerago eskuinera egin eta Moko sagardotegi aldera egingo dugu. Bariantea zubi gainetik igaro eta Agerre baserrira hurbilduko gara. Hemendik, asfaltatutako pistari jarraituz, Alberro sagardotegi albotik igaro ondoren, Hernanira itzuliko gara.

BURUNTZA 
(LAU BASELIZAK)

DATU INTERESGARRIAK

Noiz: Otsailaren 18an

Kokapena: Gipuzkoan

Luzeera: 15 km 

Denbora: 5 ordu

Desnibela: 400 metro inguru gorantz eta beherantz

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!