Entzuteko ipuinak eskuragarri daude Biteriko liburutegian, Aratz Ikastolako ikasleen eskutik. 'Ikaskuntza eta zerbitzua' irakasgaiaren baitan landutako proiektua izan da; bertan, lehenik, gizarteko beharrak identifikatu ohi dituzte, eta, ondoren, horri soluzio bat ematen saiatzen dira. Orain arte, hainbat proiektu eraman dituzte aurrera: odol emaileena, zero zabor hozkailuena, adineko pertsonekin jolasean aritzea...
«Oraingo honetan, LH3ko ikasleak Hernaniko liburutegira joan ginen eta behar bat identifikatu genuen: entzuteko ipuinak falta ziren! Hernaniko liburuzainarekin hitz egin genuen eta berak ere behar hori sumatzen zuela komentatu zigun. Entzuteko ipuinak sortzeko ardura hartuko genukeen galdetu zigun eta guk erronkari baiezkoa eman genion», azaldu du ikastolak.
Ikasle bakoitzak liburutegiko ipuin bat hartu zuen, eta ikasi egin zuten entzuteko ipuinak nola egiten ziren, zein atal zituzten, eta ahotsak nola jarri. Bakoitzak bere ipuina grabatu zuen irakaslearen laguntzarekin, eta ondoren, QR kodigo bat sortu zuten ipuinean jartzeko: «Jada eskuragarri dituzue ipuinak liburutegian! Joan eta bilatu itzazue!».