PSE-EEk salatu du harrobiko ihesari buruzko ikerketa batzordea «ukatu» duela EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 1a, 00:00

Ricarco Crespo PSE-EEren bozeramailea, artxiboko irudian.

EH Bilduren «hipokresia» kritikatu du PSE-EEk, «gardentasun osoa adierazi eta ikerketa batzordeari uko» egiteagatik.

Santa Barbarako harrobiaren inguruan izandako lixibatuen ihesaren harira, «harrituta» agertu da Hernaniko PSE-EE. Gogor kritikatu du alderdi sozialistak EH Bilduk izandako jarrera, ikerketa batzordeari «uko egiteagatik».

PSE-EEtik azaldu dute urtarrilaren 19an egin zutela «ikerketa batzorde berezi bat» sortzeko eskaera, «urtarrilaren 30eko Osoko Bilkurako gai zerrendan sartzeko denborarekin». Urtarrilaren 25ean bertan Hernaniko alkatearen partetik jaso zuten erantzuna, «asteroko tikiko garapenerako batzordean informazioa emateko asmoa» zutela esanez. 

Ricardo Crespo bozeramaileak azaldu du hilaren 25ean bertan PSE-EEk berriro egin zuela eskaera, «gertatutakoa ikertzeko batzorde berezi baten beharra» nabarmenduz. Posta elektronikoz egin zuten eskaera, Hernaniko alkateari eta Udaleko gainerako talde politikoei erantzunez. Alabaina, ezezkoa izan zen jasotako erantzuna: «Udaleko erregistro ofizialaren bidez jaso genuen erantzuna, esanez batzorde arruntean lan egiteko konpromisoa berresten dela, batzorde berezi batek ekar ditzakeen atzerapenak saihestuz». 

Sozialistak kritiko agertu dira Gobernu Taldetik jasotako erantzunarekin: «Zer atzerapen aipatzen ditu EH Bilduren Gobernu Taldeak, sozialistok urtarrileko Osoko Bilkuratik aurrera batzorde horrek funtzionatzeko epe nahikoa aurreikusi dugunean?». 

PSE-EEren iritziz, «EH Bilduk bere gehiengo osoaren erabilera alderdikoia egiten du, bere lan proposamena gainontzekook onartu behar duguna dela iritzita».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!