Aurtengo txotx denboraldian edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte Hernaniko 15 taberna eta jatetxek. Tankerako zerbait egiten den lehenengo aldia da, eta Hernaniko Udaletik egitasmoaren helburuak azaldu dituzte: «Batetik, hondakin gutxiago sortzea da helburua. Bestetik, kaleak garbiago egotea. Hernaniko herritarrentzat onuragarria izango da ostalaritza establezimenduetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea, txotx denboraldiko asteburuetan kaleetan pilatzen den hondakin kopurua murrizten lagunduko baitu, bizilagunen bizitza erraztuz».
Proposamenarekin bat egin duten 15 establezimenduei eskerrak eman dizkie Udalak. Momentuz, taberna eta jatetxe hauetan izango dira edalontzi berrerabilgarriak: Aieko, Akeit, Andrekale 21, Apeadero, Bodega, Ekos, El Caserio, Garin, Goizargi, Guria, Joxe Mari, Kitto, Kixkal, Tripontzi, Txoko eta Zinkoenea.
Horrez gain, Udaletik jakinarazi dute gainerako ostalariek edozein momentutan egin dezaketela bat sistema honekin. Informazioa eskatzeko merkataritza@hernani.eus helbidera idatzi edo 943 33 70 28 telefono zenbakira deitzeko aukera dute.
Tabernetan eskuratu ahal izango dira edalontziak
Edalontzi berrerabilgarriak aipatutako 15 establezimenduetan jarriko dituzte eskuragarri, euro baten truke. Edalontziak erabili ondoren, etxera eraman, tabernetan utzi edo Udalak jarritako bilketa puntu berezietan utzi ahal izango dira. Horretarako, bilketa puntuak jarriko dituzte Atsegindegin, Zinkoenean, Ibaiondon eta Plaza Berrin.
Unai Gaztelumendik sortutako diseinua
Edalontziek diseinu berezia izango dute, Unai Gaztelumendi marrazkilariak sortutako irudiarekin. Gaztelumendik berak honela azaldu du egindako lana: «Gune berean elkartzen diren lagun, talde, asmo eta jatorri ezberdinak irudikatu nahi izan ditut,». Tilosetako plaza irudikatu du, festa giro itzelarekin.