Hernaniko Udalak banatu duen Gobernu Planaren 2023-2027 propaganda orrian etxebizitza atalean 2 zenbakian "Babes publikoko 308 etxebizitza eraikitzea Florida auzoan", eta 5 zenbakian “Alokairuzko etxebizitzak lehenestea” azaltzen dira. Gero, Udal gobernuak, Auzo Biran, xehetasun gehiago eman ditu, eta errealitatea bestelakoa da. Floridan eraikiko diren etxebizitza ia guztiak jabetzan, taxatuak edo protekziozkoak salduko dira, eta alokairuzkoak 5 izango dira. Bai, bost bakarrik. Aipatutako Gobernu Planaren 5. puntuarekin guztiz kontraesanean. Jabetza oinarria duen etxebizitza publiko atzerakoi bati jarraitzea 2024 urtean denboraz eta lekuz kanpo izateaz gain, ez dela zuzena deritzot. Gainera, urtetik urtera handituz doaz gizarteko behartuenak diren kolektibo prekarizatuak eta pobretuak. Bere bizitza osoan etxebizitza erosterik izango ez dutenak oraindik gehiago baztertzea suposatzen du. Alkateak zioen ezinezkoa zela beste modu batean Floridako etxeak eraikitzea, baina ez nago batere konforme. Non dago politika? Udalak Floridako etxeak kudeatzeko komisio bat, ordezkaritza duten alderdi guztiekin, osatu du. Komisioa ez dadila bakarrik ezina kudeatzeko izan, baizik ekinez, gogotik ekinez, orain ezinezkoa dirudiena, Floridan eraikiko diren etxe guztiak alokairuzkoak izatea, errealitatea bihurtzeko. Horretarako denbora dagoela pentsatzen dut. Gogorik?