Gaur egingo dute lehenengo entsegua Hernaniko Santa Ageda bezperarako

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 31a, 00:00

Arratsaldeko 19:30etan izango da entsegua, Biterin. Bigarren saioa bihar egingo dute. 

Igande honetan aterako dira bailarako herritarrak Santa Ageda bezperako erronda egitera. Hernaniren kasuan, urteroko legez, Ohitura Zaharrak taldeak egin du deialdia, eta bi entsegu antolatu ditu igandearen aurretik. 

Lehenengoa gaur bertan izango da, eta bihar egingo dute bigarren saioa. Bi entseguak Biteri Kultur Etxeko 'Aurrera' gelan egingo dituzte, arratsaldeko 19:30etan. Abestu beharreko koplak ondo prestatu ondoren, igandean arratsaldeko 17:45etan jarri dute hitzordua, Milagrosan. Bertatik abiatuko da taldea, eta kalez kale egingo dute erronda. 

Ekitaldi bateratua, Goiz Eguzkirekin

Aurtengoan ere jarraipena emango diote duela pare bat urte hasitako ekimenari. Goiz Eguzki abesbatzarekin elkartuta, ekitaldi bateratua egingo dute arratsaldeko 19:00etan Gudarien plazan. Talde bakoitzak kanta bat edo bi abestuko ditu bertan, ondoren bakoitzak bere bidetik jarraitzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!