Lau kultur jarduera antolatu dituzte Hernanin Korrikaren etorrera iragartzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 31a, 00:00

AEKko eta Hernaniko Udaleko ordezkariak, atzoko aurkezpenean.

Korrika Kulturala antolatu dute lehenengo aldiz. Bestalde, bihar izango da Hernaniko Korrika Batzordea, 18:00etan, AEKren egoitzan.

Korrikaren eta Korrika Kulturalaren aurkezpena egin zuten atzo Hernaniko AEKren egoitzan. Bertan izan ziren AEKko kideak, Aitor Huizi Kultura zinegotzia eta Jokin Nazabal euskera teknikaria, eta antolatu dituzten jarduerei buruzko informazioa eman zuten. 

Korrikaren 23. edizioa bi aldiz igaroko da Hernanitik; lehenengo aldia martxoaren 19an izango da, Goizuetatik sartuko da Hernanira, eta ibilbide laburra egingo du herrian; bigarren aldia larunbat horretan bertan izango da, martxoaren 23an, eta ohiko ibilbide luzea egingo du herriko kaleetan barrena. 

AEKren ordezkari modura, Garazi Redondok hartu zuen hitza, eta herritarrek laguntzeko dituzten moduak azaldu zituen: «Batetik laguntza ekonomikoa dago, Korrika laguntzailea izanez, salgai dagoen arropa erosita edo kilometroa eginda. Bestetik, boluntario lanak egiten ere lagundu daiteke». Lan horiek egiteko prest dauden herritarrek biharko Korrika Batzordean izango dute informazioa jasotzeko aukera. Arratsaldeko 18:00etan izango da bilera, AEKn bertan. Horrez gain, informazio gehiago jasotzeko korrikahernanialdean@gmail.com helbidera idazteko edo 607 59 28 64 telefonora deitzeko aukera ahalbidetu dute. 

Kultur jarduerek iragarriko dute Korrikaren etorrera

Korrika herritik igarotzeaz gain, pausu bat gehiago emateko erabakia hartu dute aurten Hernaniko Udalak eta AEKk. Horren emaitza da lehenengo aldiz antolatutako Korrika Kulturala. Zenbait jarduera izango dira otsaila bukaeran eta martxoan, eta Aitor Huizi Kultura zinegotziak azaldu zuen zertan oinarritzen den prestatutako egitaraua: «Udaletik ulertzen dugu Korrika ez dela Euskal Herritik egiten den ibilbidea bakarrik. Iruditzen zaigu egun askotako zerbait dela, eta laguntza emateko beste modu bat da herrian Korrikarekin lotura duten gauzak antolatzea. Jarduerak antolatu ditugu herria dinamizatzeko eta Korrikaren usain horretan sartzeko».

Zehazki, lau jarduera antolatu dituzte egitarau horren barruan: otsailaren 29an EMCumea antzerkia izango da, martxoaren 7an opera garaikidea, martxoaren 15ean Diskorrika disko festa eta martxoaren 17an irakurraldi ibiltaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!