Zestoako protesten ondorengo «manipulazio eta kriminalizazio kanpaina» salatu du HGAk

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 00:00

Kritiko agertu da Gazte Asanblada Gotzaindegiarekin, hedabideekin eta alderdi politikoekin.

Zestoako gaztetxea desalojatzeko agindua eman du Azpeitiko Epaitegiak, Donostiako Elizbarrutiaren salaketari arrazoia eman ondoren. Elizarena den eraikin batean jarri zuten gaztetxea, eta bertatik ateratzeaz gain, auzibideko gastuak ordaindu beharko dituzte gazteek. 

Protesta modura, Zestoako meza nagusira sartu ziren gaztetxeko zenbait kide, 'Eliza diruzale, espekulatzaile! Gaztetxearen desalojoa gelditu!' zioen pankartarekin. Harrabotsa sortu zuen egindako protestak, eta erreakzio kate luzea sortu du. Horren aurrean, oharra argitaratu du Hernaniko Gazte Asanbladak, «tendentzia ezberdinetako perfil eskuindarrak egiten ari diren kriminalizazio eta manipulazio kanpaina gaitzesteko». 

Balorazioarekin hasi aurretik, argitu nahi izan dute «desalojoaren aurka egiten ari den protestaldia ez dela ez Zestoako eliz komunitatearen kontrakoa, ez eta inongo fededunen kontrakoa ere». Are, Gipuzkoako Gotzaindegiari egotzi diote «balore batzuekin predikatu eta baloreok diru truke» saltzea. 

Hernaniko Gazte Asanbladatik Gotzaindegiak argitaratutako gutuna aipatu dute, nabarmenduz «euren burua biktimizatu eta Zestoako Gazte Asanblada kriminalizatu» nahi izan dutela. Gainera, etikari buruzko aipamenei erreferentzia egin die HGAk: «Guk irmo diogu ez dugula bere barnean adin txikikoen aurkako erasoak estaltzen dituen instituzio honengandik lekzio moralik onartuko; inor etxerik gabe dagoen bitartean milaka etxebizitza, lur eremu eta bestelako higiezinak hutsik mantentzen dituenarengandik lekzio etikorik onartuko». 

 

Alderdi politikoekin eta prentsarekin kritiko

HGAtik komunikabideen eta alderdi politikoen jarrera ere kritikatu dute: «Orain arte ez da Zestoako Gaztetxearen auziaz inor gogoratu. Orain, ordea, urtebete baino gehiago daraman borroka luze baten ekintza isolatu bat hartu eta beraien mesedetara manipulatzea erabaki dute»

Gauzak horrela, «babes osoa» bidali nahi izan diete Zestoako Gazte Asanbladako kideei: «Segi dezatela tinko beraien herriko gaztetxea defendatzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!