Aurten ez da Kaldererorik izango Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 00:00

Datorren urtean itzultzea espero dute.

Elur Txoriko kideek ezin izan dute oinordekorik topatu. 2025ean itzultzeko esperantza dute. 

Inauterien aurreko asteburuan iritsi ohi dira Kaldereroak Hernaniko kaleetara. Aurtengoan, ordea, ez da horrela izango. Elur Txori Elkartetik jakinarazi dute aurtengoan uko egin behar izan diotela Kaldereroak antolatzeari: «Zuzendaria, erregina eta damak jubilatu dira, eta ez dute oinordekorik. Urteetan zehar lanean ibili direnek ere ez dute jarraituko, urteen poderioz gero eta jende gutxiago atera da karrozan, eta aurten, 2024an, ez dugu topatu jaiarekin jarraituko duen gazterik».

1961ean atera zen lehenengo aldiz Kaldereroen konpartsa: «Urte asko dira Hernaniko kaleak girotuz pasatakoak. Ekialdeko ijitoz mozorrotuz, zartaginak joz eta kantuan herriko kaleetan barrena ibili gara, txoko guztiak alaitu nahian, txaranga lagun izan dugula». 

Hortaz, Hernaniko kaleak «triste eta ixilik» izango dira larunbat honetan, baina erreleboaren bila jarraituko dute Elur Txoriko kideek: «2025ean indarberrituta, pozez eta algaraz itzuliko garelakoan gaue. Kantatzen eta dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!