Oier Arrutik 1500 metrotako Gipuzkoako absolutu txapelketan hartu zuen parte larunbatean eta Espainiarako minima lortu zuen 4'09''51 denboran helmugaratuta. Sabadellen izango da txapelketa otsailaren 24 eta 25ean, eta datozen asteetan helburu izango ditu marka hori hobetzea eta ahalik eta forma onenean heltzea norgehiagokara.
Sorpresaz harrapatu zuen emaitza Agerre taldeko korrikalariak: «Banekien lehenago edo beranduago, gauzak ondo eginez gero, lortuko nuela, gai ikusten bainintzen. Baina ez nuen espero asteburu honetan izatea, azken asteetan gaixo ibili naiz eta», adierazi du. Lasterketa «oso ondo» atera zitzaion, ondo kokatutako aurkari baten bizkarra hartu eta bertan mantendu baitzen lasterketa osoan: «Azkeneko buelta kostatu egin zitzaidan, indar falta nabaritu nuen. Baina 50 metroren faltan markagailuari begiratu eta ikusi nuen posible zela eta ahal nuen bezala helmugaratu nintzen».
Olazabal hirugarren, Gernikan
Jon Ander Olazabal hernaniarrak hirugarren postua erdietsi zuen Etxera Trail Mendi Lasterketan, Gernikan. 1.13.15eko denboran osatu zituen lasterketaren 16 kilometroak, 650 metroko desnibel positiboarekin.
Hurrengo helburua Negu trail izango du, datorren igandean, Berastegin. Lasterketa horrek markatuko du denboraldi hasiera Agerre mendi Lasterketa taldeko korrikalarientzat eta bertan izango dira Jon Ander Olazabal, Jon murua, Xabat Alonso, eta Ekain Nogeira hernaniarrak eta baita Ander Perez donostiarra ere.