Barrenetxea Masters Txapelketatik kanpora, Azpirozen aurka

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 00:06

Azpiroz, Barrenetxearen aurkako garaipena ospatzen.

23 eta 30 gailendu da nafarra eta ligaxkara pasa da Juanenea eta Ansa II.arekin batera.

Azpiroz izan da Kutxabank Masterseko lehen ezustekoaren protagonista, ligaxkaren aurreko partiduan Barrenetxea IV hernaniarrari 23-30 irabazi ondoren. Huitziko atzelariak Juanenea eta Ansa II.arekin bat egingo du hiruko ligaxkan, eta bertan erabakiko dira bi finalistak.

Azpiroz merezimendu osoz gailendu zen. Barrenetxea IV.a baino freskoago bukatu zuen eta gakoa kantxan oso ondo mugitu izana izan zen.

Partidua oso peloteatua izan zen, gogorra eta azkenean fisikoki Azpirozek freskoago bukatu zuen. Norgehiagoka oso berdinduta mantendu zen hamarrera arte. Atzelari hernaniarraren unerik onenean, Barrenetxeak bost tantoko tartea ireki zuen 16-11koan. 

Azpiroz ez zen behera etorri. Atzelari nafarrak erreakzionatu zuen eta 0-7ko partzialarekin 17-18 aurreratu zen. Berdinketak itzuli ziren 20nako berdinketara arte. Orduan Azpirozek bi tantoko errenta ireki zuen, 20-22, 21-27an sei tantoraino igo eta 23-30 itxi zuen partidua.

Azpiroz oso ondo mugitzen zen kantxan, pelota oso ondo txokoratuz. Zazpi tanto egin zituen saketik, Barrenetxeak adina, baina huts gutxiago ere egin zituen, saketik falta bat eta peloteoan huts bat. Barrenetxeak, aldiz, bi falta egin zituen saketik eta bost peloteoan. Deserosoago egon zen kantxan. Faboritoaren presioak eta partidua hausten zuela ez ikusteak ez zion lagundu partiduan zehar.

Ikusleek ia ordubeteko partidu haundi eta entretenigarria ikusi zuten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!