Ez du igoera fasera sartzeko helburua bete Hernanik, eta hirugarren urtez jarraian, bigarren fasea jokatuko du. Igandean eman zitzaion bigarren faseari hasiera, aurkari gogor batekin: Gernika. Hala ere, trikoloreak gehiago izan ziren, eta 59-24 irabazi zuten, talde bizkaitarra menperatuz. Hasieratik hasi ziren hernaniarrak partidua menperatzen, aurreneko 3 minututan lortu baitzituzten 7 puntuak, Xabier Lukasen ensaioarekin, eta Beñat Arizetaren gauzatzearekin. Lehenengo zatia amaitu zuten 33-12ko markagailuarekin, Kepa Mijanosen eta Jon Ander Zapiainen ensaioekin eta Arizetaren gauzatzearekin.
Bigarren zatian ere trikoloreak izan ziren partiduaren jaun eta jabe. Jokin Oleak egin zuen bigarren zatiko aurreneko ensaioa eta segidan, Beñat Arizetarekin jaurtiketarekin osatu zituzten bigarren zatiko aurreneko 7 puntuak. Bigarren zatiko 37garren minututik aurrera, ondorengo jokalariek egin zituzten ensaioak: Unax Zuriarrain, Ekaitz Arrozpide, Jon Ander Zapiain, Xabier Lukas eta Ekaitz Arrozpide. Eta Beñat Arizetak osatu zituen bostetik hiru jaurtiketa sartuta.
Partidua irabazita, Hernaniko Ohorezko B mailako taldea lider doa, bigarren fasean, 36 punturekin. Bigarren postuan doa Gernika, 32 punturekin eta hirugarren, berriz, 29 punturekin Gaztedi.
Martxoan, Liga amaiera
Bigarren fasean zortzi talde lehiatuko dira: Gernika, Hernani, Gaztedi, Oviedo, La Única, Uribealdea, Bera Bera eta Gijon. Azken jardunaldia martxoaren 24an jokatuko da eta hernaniarrek egun horretan itxiko dute denboraldia, Gijonen.
23 urtez azpikoek ere, garaipena
23 urtez azpikoek Poble Nouren aurka izan zuten norgehiagoka igandean, La Mar Bellan eta hernaniar gazteak 15-26ko garaipenarekin itzuli ziren etxera. Eta garaipenen boladari eutsiz, 18 urtez azpikoek ere 13-0 garaitu zuten Gaztedi.