Unax Uralde jubenila, Euskadiko txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 30a, 00:00

Unax Uralde, Bidasoako uretan.

Skiffean Distantzia Luzeko Txapelketa irabazi zuen Bidasoan.

Unax Uralde hernaniarrak aulki mugikorrean Euskadiko Distantzia Luzeko Txapelketa irabazi zuen Bidasoako uretan, jubenil mailan. Astebete aurretik, Gipuzkoako Txapelketan, zilarra lortu eta gero, Euskadikoan nagusi izan zen. Giroa ezinhobea izan zen arraunerako, zerua oskarbi, haizerik ez eta udaberri giro betearekin. 

Orio Arraun Elkarteko arraunlari hernaniarrak 22 minutu eta 41 segunduko denbora behar izan zuen 6.000 metrotako ibilbidea osatzeko. Ez zen erronka erraza izan, Unax Uralde, jubeniletan, lehen urtekoa baita eta adinean bera baino helduagoak direnen aurka lehiatu behar izan zuen. Baina astebete hutsaren buruan, Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketatan, zilarra eta urrea lortu ditu hernaniarrak.

Batel Ligan Hernanik maila onean jarraitzen du

Gipuzkoako Batel Ligako bigarren jardunaldia jokatu zen Pasai San Pedron eta Hernaniko batelek lehenengo jardunaldiko emaitzak hobeto zituzten. Absolutu neskak bigarren eta hirugarren postuetan amaitu zuten. Jubenil nesketan bi ontzi dabiltza puntan. A batelak hirugarren amaitu zuen eta B batelak laugarren. Kadete edo promesa nesketan seigarren eta bederatzigarren izan ziren eta infantil nesken batelak hobekuntza izan zuen zortzigarren amaituz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!