Familiei bideratutako hitzaldia, pornografia hizpide hartuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 28a, 00:00

Eider Goiburu sexu-hezitzailea. Argazkia: Aiora LarraƱaga / Baleike.

Otsailaren 1ean, osteguna, eskainiko da hitzaldia Biterin, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara.

Familiei bideratutako hitzaldia eskainiko da pornografiari buruz, Biteri Kultur Etxean, otsailaren 1ean. TREBAgurasoak programaren baitan antolatutako hirugarren hitzaldia izango da, eta antolatzaileak Hernaniko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteria Arloak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritza dira. 

Hitzaldira bertaratzen direnek 'Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?' galderaren baitan arituko dira solasean, Eider Goibururen laguntzaz. Goiburu psikologian lizentziatua da, sexu-hezitzailea, emakume eta gizonen arteko berdintasun teknikaria eta baita pedagogian doktoratua ere, eta bigarrenez dator Hernanira TREBAGurasoak programarekin.

Hitzaldiaren helburua izango da pornografiak nerabeen sexualitatean izan dezakeen eragina aztertzea, eta indartzea familiek nerabeen sexu-heziketan duten funtzioa. Besteak beste, gaur egungo eredu pornografikoak zein diren, eta nerabeen artean gailentzen den ereduak iruditegian duen eragina azalaraziko du. Horrez gain, nerabeen hezkuntza-prozesuan sexualitate aske eta osasuntsu baterako gakoak ere jorratuko ditu Eider Goiburuk.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bilkura hau familiek dituzten bizipen, kezka, galdera eta abarrak beste familiekin partekatzeko espazioa izango da, eta baliagarria izango da gurasoak sexualitate-eremuko heziketa-lanetan ahalduntzeko.

Biteri Kultur Etxean izango da, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara.  Aforoa mugatua denez, aurrez izena ematea gomendatzen da. Horretarako hiru bide jarriko dira abian: online https:/labur.eus/trebagurasoak23 formularioa betez, emailez gazteria@hernani.eus helbidera
idatzita edo telefonoz 943 33 70 41 zenbakira deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!