«22 arraunlari ditugu trainerurako, eta horietatik 19 harrobikoak eta gazteak dira»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00

Naia Peñagarikano, Erik Gonzalez eta Asier Ocon.

Arraun denboraldia hasi berri da batelekin eta Hernaniko Elkartea buru belarri dabil denboraldia prestatzen. 'Maialen' aurten behar bezala ari da entrenatzen eta «hori aurrerapausoa da», dio Asier Ocon entrenatzaileak.

Hernani Arraun Elkarteak hasi du denboraldia, eta bihar bertan Gipuzkoako Batel Ligako bigarren jardunaldia izango du jokoan, Pasai San Pedron. Klubaren helburu nagusia 'Maialen' traineruak denboraldia ahalik eta hobekien osatzea da. Aurretik harrobiko lan haundia egiten da, eta aurredenboraldia luzea izaten da. Asier Ocon da entrenatzaile nagusia, eta aurten bigarren patroi bat ere badu Hernanik, Naia Peñagarikano. Harrobia zaintzen eta irakasten dabil Erik Gonzalez. Hiruekin hitz egin du Kronikak denboraldi berriari buruz. 

Erikek infantilak eta kadeteak entrenatzen ditu, Mikel Rosellekin batera, eta bateletan daude murgilduta. «Mutil gutxi daude, baina arraunlari gazteak oso pozik daude eta hori da garrantzitsua. Ongi hasi dugu denboraldia eta bide honetatik jarraitu behar dugu». Batel ligan nesken zortzi batel uretaratuko ditu Hernanik (bi batel senior, bi batel jubenil, bi batel kadete, bi batel infantil) eta mutilen batel kadete bat. 

Asier Oconek pasa den urtean hartu zuen neska nagusien ardura, eta trainerua prestatzen ari dira, buru belarri. «Batela orain hasi gara uretaratzen, baina trainerurako lan osagarri bezala, erritmoa hartzeko. Bi entrenamendu egin ditugu eta oraindik ez gaude bateleko lanean zentratuta. Trainerua da gure helburua, eta orain argi ordu gehiago ditugunez batela ere hartu dugu».

Aurreko urteetan Hernanik arazoak zituen neguan trainerua osatzeko, eta horrek udarari begira arazoak sortzen zituen. Aurten ez da horrelakorik gertatzen eta zorionez, jende aldetik, klubak talde sendoa osatu du. Naia Peñagarikano da talde horren partaide, eta trainerurako patroi lanetan ari da. «Duela bost urte hasi nintzen patroi bezala. Jubenilak eta tarteka seniorrak ere gidatzen ditut. Batelean entrenatu dugun gutxirako maila onean aritu ginen, Orioko lehenengo estropadan. Bi batel lehiakor eta antzeko maila dutenak uretaratu ditzakegu».

Hain zuzen, Orion izango da denboraldiko lehenengo traineru estropada. Oriako jaitsiera izango da otsailaren bigarren asteburuan. «Bi aste barru izango da, eta aurten trainerua osatzeko arazorik ez dugu izango», nabarmendu du Oconek. «22 kirolari ditugu trainerurako plantillan eta horietatik 19 harrobikoak dira. Hori luxu bat da guretzat».  

Orion entrenatzen du taldeak, eta beste hiru jaitsiera gehiago egingo dituzte prestaketarako: «Hondarribian, San Pedron eta Kantabrian. Bestela oso luze egiten da aurredenboraldia».

Entrenatzailearen aurpegiak gauzak ongi doazela argi uzten du. «Pozik gaude. Ez dakigu zer maila dugun oraindik, hori estropadetan ikusiko da. Pauso garrantzitsua eman dugu aurten, neguan zehar, behar bezala entrenatzeko. Aurreikusita ditugun entrenamendu guztiak osatzen ditugu eta hori ez zen posible aurreko urteetan». 

Talde oso gaztea du Hernanik. «Horren ondorioz udaran, seguruenik, kanpotik arraunlariren bat etorriko da Oriotik. Udara osoan etengabe aritzea gehiegi da arraunlari gazte horientzat. Nahiago dugu bertako arraunlari gazteenek denboraldiaren erdian atseden izatea eta esperientzia hartzen joatea. Trainerura saltoa haundia izaten da, eta 17 urterekin denboraldi osoa egitea gehiegi da».

Hernani Arraun Elkartean argi dute proiektua etorkizunari begirakoa dela. «Ezin dugu arraunlaria estutu eta erre. Zaindu egin behar da arraunlari gaztea, eta lortzen ari garela usten dut. Horren adibide da, pasa den urtetik, etxeko arraunlari denek jarraitu dutela, eta hori aurrerapauso haundia da».

 

«Kontxan ateratzeko aukerarekin amesten dut»

Oconen esanetan, «oso talde gaztea dugu. Lau arraunlari kenduta, hamaika jubenil ditugu, eta beste lauzpabost dira 20 urtetik beherakoak. Pazientzia eduki behar da. Pixkana pausoak eman behar ditugu eta gero bai, heldutasunarekin estutu daiteke gehiago». 

Gazte horietako bat da Naia Peñagarikano, eta aurtengo denboraldian ilusio haundia du. «Orain bi urte hasi nintzen traineruan patroi lanetan, entrenamenduetan, 14 urterekin. Aurten, 16 urterekin, txalekorik gabe, Kontxan ateratzeko aukerarekin amesten dut. Ahal dudan guztia emango dut».

Naiarekin batera patroi lanetan aritzen da Eider Goikoetxea. «Entrenamenduetan, lehenengo erdia batek eta hurrengo erdia besteak egiten du». Arraunlaria ere bada Goikoetxea. «Asko laguntzen diogu elkarri. Arraunlari asko daude, baina patroi gutxi, eta elkarri ematen diogun babesa garrantzitsua da», dio Peñagarikanok. «Gogotsu gaude. Urte zailak pasa ditugu eta aurten, jende gehiagorekin, ilusioa haundia da udarari begira».

 

«Arraunlariak gustora egotea da garrantzitsuena»

Bateletan Hernanik azken bi urteetan emaitza oso onak lortu ditu, belaunaldi on bati esker. Hori urtero gertatzea zaila dela azpimarratzen du Erik Gonzalezek. «Aurreko urtean emaitza oso onak lortu ziren. Horri jarraipena ematea zaila da, arraunlari asko mailaz igo direlako. Hori bai, ildo beretik jarraitu nahi dugu, eta helburua da arraunlariak gustora egotea eta etorkizunean trainerura saltoa egitea. Emaitza onek beti laguntzen dute, baina gustora egotea da lehendabiziko helburua. Bide horretatik etorri daitezke emaitzak».

Infantiletan eta promesetan puntan ibili ziren neska arraunlariek aurten jubeniletara egin dute salto. «Adin txikiko arraunlariek, astegunetan, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan entrenatzen dute. Asteburuetan estropadak izaten dira, eta klubean badago nahiko mugimendu; batzuetan txikia ere geratzen da arraun kluba eta batez ere erreka», nabaritzen du Gonzalezek. 

Urumea ibaiaren egoera ere ez da hoberena entrenatzeko. «Elorrabiko zuzengunean gero eta ur-hondo gutxiago dago eta argirik ez dagoenez ezin dugu neguan, batelik uretaratu. Ur emari haundiarekin ere ez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!