«Adin guztietako herritarrak mahai baten bueltan elkartzea da gure asmoa»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00

Arrakastatsua izan zen 2018ko kantu bazkaria.

Imanol Kamiok eta Aitor Atxegak girotuko dute datorren larunbateko kantu bazkaria. Txartelak salgai daude dagoeneko Dobera Euskara Elkartearen bulegoan (Larramendi 11).

Datorren larunbatean borobilduko du Dobera Euskara Elkarteak 30. urteurreneko ospakizuna. Duela bost urte egin zuten modura, kantu bazkaria antolatu dute Hernaniko Txantxangorri elkartean, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin. Doberako kideak gogotsu daude egitarauko azken jarduera giro onean egiteko, adin guztietako jendea mahai baten bueltan elkartuta: «Aurreko urtean adin multzo zehatzagoei zuzendutako jarduerak antolatu genituen, eta urteurrena amaitzeko guztiok elkartzeko moduko zerbait antolatu nahi genuen». 

25. urteurrenean ere antzeko festa egun bat antolatu zuen Doberak, eta oso balorazio positiboa egin zuten orduko hartan: «Gustura geratu ginen, zerbait desberdina izan zen, eta oso balorazio ona egin zuen bertaratutako jendeak. Aurtengoan funtzionamendua antzekoa izango da, menua mantendu egin dugu, eta aldatzen den gauza bakarra kokalekua izango da». 

Menuari dagokionez, otordu ederraz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek: mokadutxoa, babarrunak sakramentuekin eta postrea (kafea eta edariak barne). Txartelak salgai jarri dituzte dagoeneko Doberako bulegoan edota 662 40 66 92 telefonoan. Bazkideek 22 euroan erosi dezakete; bazkide ez direnek, berriz, 25 euroan. 

Doberatik nabarmendu dute jende gaztea ere ongi etorria izango dela kantu bazkarian: «Eguneratutako kantuak izateko ahalegina egingo dugu. Herritar guztiak babarrun platerkada baten bueltan elkartu nahi ditugu; tripak berotzeaz gain, eztarriak ere berotzeko». 

Arrakastatsuak izan dira urteurreneko jarduerak

2023an zehar askotariko jarduerak antolatu ditu Doberak 30. urteurrena ospatzeko. Jende ugari elkartu du horietan, eta balorazio positiboa egin dute elkartetik: «Herritarrei eta bazkideei begira '30 urtez euskararen normalizaziora bidean (1993-2023)' erakusketa prestatu genuen, herriari erakusteko zer egin dugun 30 urte hauetan. Erakusketaren barruan ere zenbait jarduera antolatu genituan, solasaldiak eta bisita gidatua, besteak beste». 

Oso ahozapore gozoa utzi zuen Doberako kideengan bisita gidatu berezi horretan sortutako giroak: «Oso polita izan zen. Bazkide ugari elkartu ziren bertan, eta denon artean egin genuen bisita gidatua, solasaldi moduko bat izan zen. Pertsona bakoitzak hitza hartzen zuen bere garaiko ekimenei buruz hitz egiteko». 

Gainontzeko bi jarduerak haurrei zuzendutako ikuskizunak izan dira; Zapotxin pailazoaren lehenengo saioa antolatu zuten maiatzean, eta Ene Kantak taldearen kontzertua irailean: «Oso arrakastatsuak izan ziren bi saioak. Haur asko elkartu genituen, eta bereziki pozgarria da sortzaile horiek guztiz bat egiten dutelako Doberaren helburuekin».

Orain arte egindako lana gogoan, baina aurrera begira

30. urteurreneko ekitaldiek tartea utzi diete Doberako kideei orain arte egindako lanari buruz hausnartzeko. Biterin jarritako erakusketa izan zen horren erakusgarri nagusia, Doberak egindako ekimen guztiek bat egin baitzuten aretoan: «Bertan ikusi genuen, patxadaz begiratuta, uste baino gauza gehiago egin direla. Ez gara gure helburu guztiak betetzera iritsi, oraindik bide luzea daukagu egiteko, baina aldaketak sumatzen dira. Doberaren kasuan, iruditzen zaigu garai batean askoz ere itxiago zela elkartea, eta gaur egun gehixeago gerturatu dela herritarrengana». 

Kantu bazkariarekin borobilduko dute ospakizun urtea, baina hemendik aurrera lanean jarraitzeko gogoz daude Doberako kideak, ohiko jarduerak egitasmo berriekin uztartuta: «Egitasmoekin buru belarri ari gara, baina baditugu euskeraren normalizazioari begirako beste ekimen batzuk buruan. Orain Euskara Kontseilua sortu da Hernanin, eta horrekin gabiltza».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!