Hernanik bigarren fasea bihar hasiko du Landaren, Gernikaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00

Landaren jokatuko du bihar Hernanik, Gernikaren aurka.

31 punturekin hasiko du fasea Hernanik, bigarren postuan, Gernikak baino puntu bat gutxiagorekin.

Hernanik ez du bete igoera fasean sartzeko helburua eta hirugarren urtez jarraian garrantzi berezirik gabeko bigarren fasea jokatuko du. Hala ere, aurten motibazio gehiago izango dute jokalariek. Bihar hasiko da bigarren fasea eta aurkaria izango da motibazio hori mantentzeko arrazoi nagusia. Bizkaia Gernikaren aurka neurtuko dituzte indarrak, 12:00etatik aurrera, Landaren. 

Gernikan puntu bakarraren aldearekin galdu zuten hernaniarrek lehenengo fasean eta porrot hura erabakiorra izan zen igoera fasea ez jokatzeko. Azkenean, bi taldeak geratu dira sari potolorik gabe eta bihar Landaren aurkituko dira. Gernikak bigarren fasea lehenengo postuan hasiko du 32 punturekin eta Hernani bigarren dago sailkapenean 31 punturekin. Bigarren itzulia, orain jokatuko duten taldeen aurka lehenengo itzulian lortutako puntuekin hasten dute. Gaztedi da hirugarrena 24 punturekin. Beraz, bihar irabaziz gero, aurreko bi denboraldietan bezala, lehenengo postuan geratzeko aukera asko izango dituzte.

Zortzi talde, zazpi jardunaldi eta martxoan amaituko da Liga

Bigarren fasean zortzi talde lehiatuko dira: Gernika, Hernani, Gaztedi, Oviedo, La Única, Uribealdea, Bera Bera eta Gijon. Azken jardunaldia martxoaren 24an jokatuko da eta hernaniarrek egun horretan itxiko dute denboraldia, Gijonen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!