Gaur hasiko da erremonteko Masters Txapelketa, Barrenetxea IV.ren eta Azpirozen arteko partiduarekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 27a, 00:00

Barrenetxea da gaurko faboritoa.

Gaurko partidua irabazten duen erremontaria ligaxkara sartuko da, bestea kanpoan geratuko da. Ligaxkan zain daude Ansa eta Juanenea.

Gaur arratsaldean hasiko da erremonteko Kutxabank Masters Txapelketa, Galarretan. Oso txapelketa azkarra izango da, gaur hasi eta otsailaren 24an bukatuko dena, eta gaur bertan geratuko da kanpoan lehenengo erremontaria. 

Barrenetxea IV.ak eta Azpirozek jokatuko dute aurten kanporaketako partidua. Kale edo baleko norgehiagoka izango da, eta 30 tanto egiten dituen erremontaria sailkatuko da ligaxkara. Hernaniarra da aurrera egiteko faboritoa, baina partidua gogortzeko gaitasunak ditu Azpirozek ere. 

Jaialdia arratsaldeko 16:30etan hasiko da, eta txapelketakoaz gain, beste bi partidu ikusteko aukera izango da Galarretan: Goikoetxea V-Larrañaga/Jabalera-Juanenea eta Urriza-Zubiri/Ezkurra II-Zaldua. 

Zain dituzte Ansa II eta Juanenea

Gaurko partiduarekin osatuta geratuko da aurtengo Masters Txapelketako ligaxkako koadroa. Ansa II.a eta Juanenea zain dituzte dagoeneko, eta datorren astean sartuko dira jokoan iazko bakarkakoko finalistak. 

Ligaxkak hiru jardunaldi izango ditu, denek jokatuko dute denen aurka, eta sailkapeneko lehenengo bi postuetan geratzen direnen artean jokatuko dute txapela.  

Final haundia otsailaren 24an jokatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!