EAJ pozik, «EH Bilduk gure proposamenak kontutan izateagatik»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 26a, 00:00

Zinkoeneako fotomuntaia. Argazkia: EAJ

EAJk «Hernani hobetzeko» dauzkan ideiak elkarbanatzeko prestutasuna erakutsi nahi izan du.

Hernaniko alderdi jeltzalea «pozik» agertu da, EH Bilduk kontutan izan dituelako EAJk «Hernani hobetzeko» aurkeztutako proposamenak. EAJren arabera, «EH Bilduk erabili du Txotx kanpainari laguntzeko,  EAJk 2023ko hauteskunde kanpainarako sortutako oinezkoen Zinkoneako fotomuntaia».

Hala ere,  Andoni Amonarraiz, EAJko bozeramailea, ondorengoagatik kexatu da: «gustatuko litzaiguke udalaren barneko bidetik jakinarazi izan baligute, begi onez ikusten zela Zinkoenea oinezkoentzat jartzea, eta ez  sare sozial bidez jakinaraztea. Baina gure ekarpenek une honetan udaleko agintea duen EH Bilduri begiak zabaltzeko balio badute, primerakoa iruditzen zaigu».

Hernaniko EAJk azaldu du herriaren hobekuntzei buruzko ideia guztiak Hernaniko gobernu taldeari helarazteko prest dagoela, eta adibideak elkarbanatu ditu: «Gudarien Plaza egokitzea, Floridako autoentzako eta oinezkoentzako lurpeko pasabidearen sakontasuna; mirakuluaren ingurunea eta erdi estalitako plaza haundi bat eraikitzea; etab. Zinegotziak Hernaniri buruzko beste hobekuntza-ikuspegi bat emateko gaude, eta ikuspegi hori gainerako alderdi politikoek partekatzen badute, primeran. Ez da beldurrik izan behar besteen ideiak egokiak izan daitezkeela onartzean. Lehentasuna Hernani da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!