Hezkuntza Sailak Serunion enpresarekin zituen kontratuak eten egin ditu, jasotako kexen ostean

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 25a, 00:00

Langile ikastolako haurrak «jantoki duin baten alde» mobilizatzen.

Orotara, Euskal Autonomia Erkidegoko 17 zentrotan jantoki zerbitzua ematen du Serunion enpresak, tartean, Hernaniko Langile ikastolan. 

Serunion, Euskadiko hainbat ikastetxetan, tartean Hernaniko Langile ikastolan, jangela zerbitzua eskaintzeaz arduratu den enpresa izan da. Hala ere, euskal ikastetxeetako jantokietan (guztira 17) zerbitzua emateari utziko dio otsailaren 2tik aurrera, Hezkuntza Sailaren aginduz. Izan ere, Serunioni salaketak jarri zitzaizkion «egoera txarrean» zegoen janaria zerbitzatzeagatik, eta salaketa horien aurrean Eusko Jaurlaritzak 65.000 eurotik gorako isuna jartzeaz gain, bi espediente ireki zizkioten Arabako eta Gipuzkoako zentroetan.  Horrenbestez, Hezkuntza Sailak ohar informatibo batean jakinarazi du konpainiarekin kontratua eten egin duela, bi aldeek adostuta. 

Horrek eragina du Gipuzkoan, Hernaniko Langile Ikastolan, Urnietako Egape ikastolan eta Andoaingo Ondarreta Herri Eskolan. Eta Araban, berriz, 11 ikastetxeri eta beste hiruri Bizkaian.

 

Auzolagunek, Goñik eta Tabarrek eskainiko dute zerbitzua

Hezkuntza Sailak jakinarazi du, otsailaren 5etik aurrera sektoreko enpresek Serunionek orain arte kudeatzen zituen lau loteetan emango dutela zerbitzua, «ikasle guztiek jantoki zerbitzua bermatuta izango dutela ziurtatzeko», argudiatuz. Horretarako, Auzolagun, Goñi eta Tabar enpresek hartuko dituzte bere gain Serunionen loteen zerbitzuak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!