Atzo burutu zuten Auzo Biraren zortzigarren eta azken bilera Ereñotzun eta Hernaniko Udala «pozik» agertu da jasotako erantzunarekin. Udalak azaldu du formatu berria izan dela auzo bira hauetan erabili dena, eta honako helburua zuena, hain zuzen: «auzo elkarteetan eta antolatuta ez dauden herritarrengana ere iristea». Guztira 250 bat herritarrek hartu dute parte Auzo Birako bileretan.
Hernaniko Udalak ekimen hau jarri zuen martxan, «auzotarrekin zuzeneko harremana izateko gune aproposa» izango zelakoan, eta Udala helburua lortu duelakoan dago «bilerak emankorrak izan baitira», adierazi du Aitor Lukas Gazteria eta Partaidetza zinegotzi eta bilera hauetako koordinatzaileak.
Udalak bere buruari jarri dion helburua da «agintaldi honetan herritarrekin duen komunikazioa sendotzea eta hobetzea». Izan ere, bilera hauen bidez, «herritarrak interpelatzea zen asmoa eta, ikuspegi orokorragoa txertatzea egiteko moduan, hau da, komunitate ikuspegia indartzea», azaldu du Udalak.
Auzoz auzo egindako bileren helburua zen Udalaren gobernu plana aurkeztea eta herritarren ekarpenak jasotzea. Udalaren asmoa da, aurrerantzean urtero bilera hauek egitea, «gobernu planaren betetze maila zein den azaltzeko».
Larunbatean, partaidetza jardunaldia, Biterin
Hernaniko Udal gobernuaren helburu nagusietako eta estrategikoetako bat da «herritarren parte hartzea sustatzea eta bultzatzea». Horrenbestez, etzirako, 'Partaidetza eta Hernanin: nola eragin herriko erabakietan nire errealitatetik abiatuta' izeneko jardunaldia antolatu du. Biterin izango da goizeko 10:00etatik 13:00etara, hala ere, ateak 09:45etan irekiko dituzte. Bertaratzeko izena eman behar dela gogorarazi du Hernaniko Udalak, eta horretarako azken eguna da gaurkoa.