Jakinmin praktika filosofikoen elkarteak jaso du Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 24a, 00:00

Astelehenean egin zuten sari banaketa ekitaldia, Hernaniko udaletxean.

12.000 euroko laguntzarekin, Euskal Herriko ikastetxe guztientzat eskuragarri jarriko diren lau gida praktiko sortuko dituzte.

Jakinmin praktika filosofikoen elkarteak jaso du Hik Hasik eta Hernaniko Udalak ematen duen Joxe Mari Auzmendi hezkuntza beka. 'Elkarrizketa argudiatu ko­operatiboa: hezkuntza komunitatean hausnarketa, bizikide­tza eta erabaki prozesu parte hartzaileak sustatzeko metodologia' izeneko lanarekin irabazi du aurtengo deialdia. 

Astelehenean egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta bertan izan ziren Axier Mingo Hernaniko Udaleko Hezkuntza zinegotzia, Mikel Agirrezabala Hik Hasi egitasmoko Formazio arduraduna, Joxe Mari Auzmendi zenaren senideak eta Jakinmin elkarteko Imanol Alvarez eta Garikoitz Moya. 

Jakinminek aurkeztutako pro­iektuak bi helburu nagusi ditu: ikasleen artean hausnar­keta, bizikidetza eta erabaki prozesu partehartzaileak sustatzea, eta irakasleen klaustroetan erabakiak modu partehartzailean hartzea. Horretarako, proiektuaren izenburuak dioen modura, «elkarrizketa argudiatu kooperatiboa» erabiltzea proposatzen dute: «Elkarrizketa da lan egiteko modua, argudiaketa da elkarrizketa horren ezaugarri nagusia, eta kooperatiboa da elkarlanean oinarritzen delako», azaldu dute. 

 

Lau gida praktiko, eskuragarri

Jasotako 12.000 euroko laguntzarekin, bi urteko epea izango dute proiektua gauzatzeko. Azkenean, Euskal Herriko ikastetxe guztientzat eskuragarri jarriko diren lau gida praktiko sortuko dituzte. Honakoak izango dira landuko dituzten lau edukiak: Elkarrizketa argudiatu kooperatiboaren (EAK) metodologiaren oinarriak gida, EAK erabaki prozesuetan nola txertatu gida, Balio etikoak ikasgairako proposamen pedagogikoa eta Lehen Hezkuntzako zentroetan EAK pausoz pauso txertatzeko gida. 

Jakinminetik azaldu dute erabaki prozesuei «ekarpen ikaragarria» egin diezaiekeela euren proposamenak: «Inplementazio klasikoa praktikara eramatea nahiko berritzailea bada ere, erabaki prozesuetan EAK erabiltzea eta txertatzea guztiz berritzailea da», nabarmendu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!