'Indusen ibaibideak' erakusketa inauguratuko da etzi

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 00:00

Etzi izango da inaugurazio ofiziala.

Igone Mariezkurrenaren lanak Pakistango aldaketa klimatikoa eta emakumeak izango ditu ardatz.

Indusen Ibaibideak erakusketaren inaugurazioa izango da etzi, osteguna, Kulturarteko Plaza Feministan. Dagoeneko ikusgai Igone Mariezkurrenaren lana, baina hilaren 25ean izango da inaugurazio ofizala, arratsaldeko 19:00etan, eta bertan izango da Mariezkurrena bera ere.

Pasai Donibaneko kazetaria hamaikana aldiz izan da Pakistanen, nola trekinak egiten, hala lanean, eta erakusketa honen bitartez ezagutarazi egingo ditu bertan ikusi eta ikasitakoak. Haren lanaren oinarri dira, besteak beste, aldaketa klimatikoa eta emakumeak, eta argazki eta azalpen laburren bitartez emango du urte guzti horietan ikasi duenaren berri. Hala adierazi du Mariezkurrenak: «Ordu asko pasa ditut bertakoekin hizketan, istorio pila baten berri izan dut, beraiek kontatzen zituztenak oso natural, eta niri iruditzen zitzaikidanak harrigarriak. Eta hasieratik pentsatu nuen: joe, ni kazetaria izanda sentitzen dut obligazio etiko, moral edo profesional bat kontaketa haria ez eteteko eta zabaltzeko». Hala hasi zen notak  hartu eta karpeta potolo bat osatzen:  «Zorionez urte hauetan guztietan arduratu naiz jende horrekin kontaktua mantentzeaz eta ikusten nuen aldiro albisteren bat, dossierren bat, edo txosten bat horrekin zerikusia zuena, deskargatu eta karpetan sartzen nuen. Hori izan da nire abiapuntua».

Erakusketa otsailaren 28ra arte egongo da ikusgai Kulturarteko Plaza feministan, eta bertaratzen denak parada izango du Pakistani begirada sozial bat emateko. Euskaraz izango da, baina itzulpen zerbitzua eskainiko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!