Klima aldaketari buruz hernaniarrek duten iritzia jasoko du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 00:00

Etzi izango da partaidetza saioa.

Urtarrilaren 25ean, osteguna, izango da partaidetza saioa, arratsaldeko 18:00etan, Biteri Kultur Etxean.

Hernaniko Udalak herritarren klima aldaketari buruz duten iritzia jasoko du partaidetza saio baten bitartez. Momentu honetan, krisi klimatikoari aurre egiteko, herria Klima-aldaketara egokitzeko Plana lantzen ari da udala eta planaren helburua da berotegi-efektuko gasen isurpenak murriztea eta dagoeneko aurreikusten diren inpaktuetara egokitzeko ekintzak martxan jartzea.

Horretarako, Hernaniko herritarrek klima-aldaketaren inguruan duten ikuspuntua eta  kezkak ezagutu nahi dira. Izan ere, udaleko langileen hitzetan: «Herritarrak dira euren herria ondoen ezagutzen dutenak».

Hernaniarren iritzia biltzeko, urtarrilaren 25ean, osteguna, partaidetza saio irekia izango da arratsaldeko 18:00etan, Biteri Kultur Etxean: «Ordu eta erdiko iraupena izango duen saio honetan, edozein herritarrek parte har dezake, ez baita inongo ezagutzeko teknikorik behar. Udalak esku artean dituen datuak eta informazioa herritarrekin partekatuko ditu saioan». Horrez gain, etorkizunean gaiarekin lotuta egin beharko liratekeen ekintzak definitzeko proposamenak ere bildu nahi dira.

Partaidetza ireki hau Hernani Klima-aldaketara egokitzeko Planari lotutako bigarren saioa izango da herritarrentzako. Izan ere, pasa den abenduan herritarrek on-line formatuko galdetegia betetzeko aukera izan zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!