«Izugarria izan da, Hernanitik jende asko joan zen Baionara, 50 lagun hurbildu ziren»

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 00:00

Manex Arizeta, Avironeko kamixetarekin.

Manex Arizeta (2004-03-20) hernaniarrak Aviron Bayonnais talde nagusiarekin lehenengo partidua jokatu zuen igandean, Europako Champions Cup txapelketan, eta talde lapurtarrak, bere historian, Europan lortu duen lehenengo garaipenaren parte izan da.

Manex Arizeta (2004-03-20, 1,93m. 113 kg) errugbilari hernaniarrak historia egin zuen igandean. Aviron Bayonnais klubeko lehenengo taldearekin debutatu zuen Europan, Champions Cup txapelketan, Exeter talde ingelesaren aurka. Debuta bakarrik ez, gainera talde lapurtarrak bere historian, Europan, lortzen duen lehenengo garaipenean parte hartu zuen Arizetak.

 

Nolakoa izan zen Avironekin debuta?

Asteartean jakin nuen taldearen deialdian sartu nintzela. Egia esan aste osoan zehar urduri izan naiz, baina partidua jokatzeko unean ongi aurkitu nintzen. Prest nengoen nire onena emateko.

 

Champions Cup-ean egin duzu debuta eta garaipenarekin, 40-17, Exeterrren aurka.

Horrela da eta gainera klubak bere historian Europan lortzen duen lehenengo garaipena izan da. 

 

Horren parte izatea pozgarria izango da.

Izugarria izan da. Asko eskertzen diot Gregory Patat entrenatzaileari eta klubari aukera eman izana. 

 

Aurrelaria zara.

Bai, hirugarren lerroan jokatzen dut.

 

Nabaritu zenuen Europako txapelketa nagusian maila horretan jokatzea? 

Nabaritu nuen. Alde haundia dago. Urte osoa daramat lehenengo taldearekin entrenatzen eta hori oso ongi etorri zait. Ohituta nago maila altuan entrenatzen, baina saltoa haundia da. 

 

Zenbat minutu jokatu zenituen?

Bigarren zatiko azken ordu laurdena jokatu nuen. Ordurako markagailua alde genuen eta erdi erabakita zegoen.

 

Orain Top 14an jokatzeko prest zaude?

Espainiako 20 urtez azpiko selekzioarekin joatekoa nintzen asteburuan, baina Avironek, beraiekin entrenatzen jarraitzeko, ez dit joaten utzi. Agian aste honetan Bayonnaisekin jokatu dezaket. Pixkana-pixkana joango naiz.

 

Top 14an hamargarren zaudete. Helburua maila mantentzea da?

Bai. Aurreko urtean zazpigarren bukatu zuen taldeak eta horrek Champions Cup-a jokatzeko sailkapena eman zion. Oso denboraldi polita izan zen. Aurten etxean partidu guztiak irabazi ditu taldeak, baina kanpoan irabaztea falta zaigu. 

 

Larunbatean lortu dezakezue garaipena kanpoan.

Oyonnaxen aurka jokatzen dugu. Aurkari zuzenak dira. 

 

Zenbat urte daramatzazu Baionan?

Hirugarren denboraldia da aurtengoa. Iritsi nintzen orain dela hiru urte, 2021ean.

 

Bigarren taldeko partaide zara eta orain lehenengo taldearekin ari zara entrenatzen. Espero zenuen noizbait lehenengo 
taldearekin debutatzea?

Egia esan ez nuen espero. Lehenengo urtean bigarren taldera igo nintzen. Aurreko urtean ez nuen profesionalekin egun bakarra entrenatu. Aurtengo denboraldia hasi zenean sartu nintzen profesionalekin entrenatzera. Badirudi nire jokatzeko modua gustatu zitzaiela eta bertan geratu nintzen entrenatzen. Ez nuen espero aste honetan deialdian sartzea, baina iritsi zen eguna. 

 

Horrek esan nahi du entrenatzaileari gustatzen zaiola zure jokoa.

Horrela dirudi. Hartu dituen erabakiak behintzat bide horretan doaz.

 

Esan diguzu Espainiako selekzioan zabiltzala. Nagusiekin ere bai?

20 urtez azpikoen selekzioan jokatzen dut. Absolutuaren berririk ez dut oraingoz, baina espero dut beraiekin ere noizbait jokatzea. Ekainaren amaieran Munduko Txapelketa jokatuko da, 20 urtez azpikoena, Hegoafrikan eta bertan egotea polita litzateke.

 

Etxekoek eta lagunek nola hartu zuten debutaren albistea?

Oso kontentu daude. Asko eskertzen diet eman didaten babesa. Igandean jende asko etorri zen Baionara, Jean Dauger zelaira, eta oso eskertuta nago. Nire familia osoa etorri zen eta 50en bat lagun zeuden harmailetan animatzen. Izugarria izan zen, guraso asko etorri ziren eta Hernani klubetik ere jendea etorri zen. 

 

Hernaniko errugbilarientzat ere garrantzitsua da ikustea Hernaniko klubetik salto eman daitekeela goi mailara edo errugbi 
profesionalera.

Espero dut bultzada bat izatea edo laguntzeko modu bat izatea, jokalarientzat. Hernanitik pasa eta gero talde onenetan jokatzea posible da. Azkenean astebururo egoten naiz Hernanin eta normalizatu egin behar da salto hori.

 

Baionan bizi zara edo joan etorriak egiten dituzu?

Lehendabiziko urtean ez nintzen Baionan bizi, baina pasa den denboraldian bertan jarri nintzen bizitzen.

 

Gustora esperientziarekin?

Oso gustora. Gustoko dudana egiten dut, errugbian jokatu eta ikasketekin tartekatzen dut.

 

Zer ari zara ikasten?

Donostian magisteritza ari naiz ikasten, bigarren mailan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!