Manex Alberdik eta Ekhi Osesek irabazi dute Gipuzkoako Trinkete Txapelketa, kadete mailan

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 23a, 00:00

Manex Alberdi eta Ekhi Oses, garaileen txapelekin.

40-31ko garaipena lortu zuten, Zufiria eta Oñatiren aurka. Nagusien mailan, senior bigarren mailan eta jubeniletan, berriz, porrotak jaso zituzten Mundarroko eta Hernaniko pelotariek. Espainiako Kluben arteko txapelketan, Umore Onak bi garaipen lortu zituen; buruz buru jokatu zuen Eñaut Lizeaga Umore Onarekin (2-0); eta binaka ere garaipena lortu zuten Beñat Apezetxeak eta Antton Apezetxeak (2-0).

Bailarako pelotariak protagonista izan dira asteburuan, jokatutako txapelketa ezberdinetan, eta emaitzak ez dira apartekoak izan. C.D. Hernaniko pelotarien kasuan, jokatu dituzte; batetik, txapelketa ofizialak eta bestetik pribatuak. Guztira 9 garaipen eta 13 porrot jaso dituzte.

Gipuzkoako trinkete txapelketan, Hernaniko bikoteek probintziako Torneoko hiru final jokatu zituzten Iruran; kadete mailan, jubenil mailan eta seniorren bigarren mailan.

Manex Alberdik eta Ekhi Osesek jokatu zuten kadeteetan, eta 40-31 irabazi zuten, Zufiria-Oñati (Behar Zana) bikotearen aurka. Beraz, Manex Alberdi eta Ekhi Oses dira kadete mailan, Gipuzkoako trinketeko txapeldunak, eta Oses kadetearen kasuan, denboraldiko 8garren txapela eraman du etxera. Jubeniletan, ordea, porrota jaso zuten Beñat Olazabalek eta Martin Alberdik (40-36), Behar Zanako Arainbururen eta Iparragirreren aurka. Senior bigarren mailan, Unax Manterolak eta Eneko Sorondok ezin izan zuten garaitu Lizasok eta Urruzolak osatutako bikotea (40-37). Trinkete txapelketarekin jarraituz, nagusien mailan, ostiralean jokatu zuten Mundarroko Gurutzealdek eta Barandiaranek, eta ez zuten garaipenik lortu (40-21); Chiapuso eta Taberna (EPLE2) izan zituzten aurrez aurre.

 
Espainiako Kluben arteko txapelketan garaipenak, Umore Onak

Espainiako Kluben arteko lehenengo mailako txapelketari dagokionez, bigarren jardunaldia jokatu zuen etxean Umore Onak, Laurraunen aurka.

Aurreneko partidua buruz buru jokatu zuen Eñaut Lizeaga astigartarrak Goizuetarekin, Larrauneko Unai Astizen aurka eta 2-0 gailendu zen Lizeaga (10-5 eta 10-4). Binaka aritu ziren, Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea. Larraungo Iñaki Galartza eta Iñigo Gurrea izan zituzten aurrez aurre eta goizuetarrek lortu zuten garaipena 2-0ko emaitzarekin (10-2 eta 10-5). Une honetan, Espainiako Kluben arteko lehenengo mailako txapelketan bide onetik doa Umore Ona, izan ere, hirugarren postuan doaz goizuetarrak, 7 punturekin.

 

Ekain Lizeaga eta Beñat Apezetxea txapeldun, Elgoibarren

Elgoibarko San Anton txapelketan, berriz, finalak jokatu zituzten, eta tartean zeuden bailarako zenbait pelotari. Promesetan, Beñat Apezetxeak (Umore Ona) Landarekin batera jokatu zuen, eta 22-11 irabazi zuen, Ibarluzea eta Garcia bikotea garaituta. Senior mailan, Ekain Lizeaga astigartarrak Oskoz nafarrarekin sekulako garaipena lortu zuen (22-6), Antton Apezetxea (Umore Ona) eta Igoa aurkari zituelarik.

Iker Salaberriak eta Hodei Expositok, porrota

Profesionaletan, Iker Salaberria goizuetarrak eta Hodei Exposito astigartarrak, promozio txapelketan, bigarren itzulia urtarrileko aurreneko asteburuan hasi zuten. Partidu garrantzitsuak jokatu zituzten Eibarren, baina ez zuten garaipenik lortu. Goizuetarrak Arbizurekin jokatu zuen, eta ezin izan zituzten De La Fuente eta Bikuña menderatu (17-22).

Expositok Gaskuerekin bikotea osatuz, 22-16 galdu zuen, Egiguren Va eta Eskuzaren aurkako norgehiagokan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!