Harrobiko konpostagunearen egoera ikertzeko eskatu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 22a, 00:00

Era berean, Hernaniko alderdi sozialistak eta alderdi jeltzaleak ere espedientean dagoen informazioa bidaltzeko eskatu diote Hernaniko Udalari.

Hernaniko Udalak Hernaniko Santa Barbara auzoko harrobian dagoen konpostagunearen egoera argitzeko asmoz, «aurretiazko diligentzia informatiboak irekitzeko» agindu du.  Izan ere, bertara Ura agentziak egindako ikuskatze baten ostean, ondoko ur putzu batean lixibatuak daudela ohartarazi du.

Hala, Hernaniko Udalak aitortu du ez dela ohikoa izan azpiegitura horren funtzionamendua. Eta azaldu du Udalak bere esku dagoen neurri guztiak hartuko dituela; batetik, argitzeko zein izan den arazo horren arrazoia; eta bestetik, dagozkion betebehar guztiekin martxan jarrai dezan. Era berean, Udalak dio etorkizunera begirako organikoaren kudeaketarako plan integral batean ere lanean hasiko dela.

Udalak, beraz, konpromisoa hartu du «gardentasun osoz jokatzeko, eta herritarren esku uzteko gai honi buruzko informazio guztia». 

Udalak argitu du, Santa Barbarako harrobiko konpostagunea 2021ean jarri zela martxan, eta honakoa gehitu du: «bertan herriko hainbat auzotan biltzen den organikoa konpost bihurtzeko prozesua bukatzen da».

Udal gobernua egun batzuk lehenago ohartu zen azpiegitura horren funtzionamendua «ez zela izan behar bezalakoa», eta Ura agentziak egindako ohartarazpena jaso du horren ostean. Horri dagokionez, auzia konpondu eta herritarrei informazioa emateko ardura hartzeaz gain, Ura agentziarekin eta gaian eskumena duten beste erakundeekin eskuz esku lan egiteko prestutasun osoa daukala berretsi du Hernaniko Udalak.

 

«Kontrol publiko eta gardentasun haundiena» eskatu dio PSE-EEk, EH Bilduri

Gai «kezkagarri» honen aurrean, Hernaniko alderdi sozialista kezkatuta agertu da, eta EH Bilduko udal gobernuari eskatu dio ahalik eta «kontrol publiko eta gardentasun haundiena». Era berean, Ricardo Crespok egoera konpontzeko eskatu dio eta horrez gain, PSE-EEk berariazko ikerketa batzorde bat ere eskatu du «ihesaren ustezko irregulartasunak argitzeko, baita horrek eragin lezakeen kalte ekologikoa argitzeko eta egon litezkeen erantzukizunak argitzeko ere». Alderdi sozialistak espedientean dagoen informazio guztia bidaltzeko eskaera ere egin dio Udalari, besteak beste, Uraren ikuskapen txostena eta administrazio publiko eskudunek egindako errekerimendu guztiak; lixibatuaren analisia, ingurumenean eragina izan dezaketen metal astunen edo bestelako kutsatzaileen presentzia edo gabezia zehazteko; konpostaje-guneko jarduera lizentzia; eta materia organikoaren eta hasieratik egindako konpostaren erabileraren sarrera-irteeren erregistro-liburua.

Alderdi sozialistak gogoratu du Santa Barbarako harrobi horretan «lur naturalak eta lurzoru naturalen indusketatik ateratako harriak baino ezin zirela utzi». Eta gehitu du, 2020an, Geologiak eta Geoteknika Larreak ikerketa bat egin zuela «hormigoi eta burdin hondarrak zeudela ondorioztatuz». Amaitzeko, PSE-EEk eskatu du Udalak egoeraren berri eman dezala: «baita espediente honetan administrazio publiko guztiek eta Udalak hartutako neurrien berri ere». 

 

EAJk harrobian gertatu zenaren espedientea eskatu dio Udalari

Hernaniko alderdi jeltzaleak ere «harridura» adierazi du: «prentsan irakurri dugu Hernanin harrobian konpostagunea dagoela. Nondik agertu da?». Jarraian, Amonarraizek memoria egin du eta ondorengoa azaldu du: «2010ean harrobian hondakinak konpostatzeko gune bat zegoen, eta materia organikoa uzten zen. Ez zegoen lixibatuak biltzeko sistemarik eta ondorioz, inguruko alkantarilletan amaitzen zuen zaborrak». Horrenbestez, EAJk eskatu dio Udalari gune horretan gertatu zenaren espedientea. «Guri 2011n esan ziguten desmuntatu egingo zela, baina prentsan irakurritakoaren arabera, badirudi, 2010az geroztik funtzionatzen jarraitzen duela».

Bestalde, 2018garren urtea ekarri du gogora Andoni Amonarraizek eta azaldu du iraileko osoko bilkuran, harrobiaren betetzean erabilitako materialak «ez zirela egokiak». «2024garren urtean gaude eta EH Bilduk ez dizkio erantzukizunak eskatu betetzea egiteko oniritzia eman zuen obra zuzendaritzari  ezta hau gauzatu zuen enpresari ere ez». 

Amaitzeko, Andoni Amonarraizek Hernaniko alderdi jeltzalearen izenean ondorengo txostenak eskatu ditu, besteak beste: egungo konpostaje-plantaren proiektua; materia organikoarekin Hernanin jarraitzen den tratamenduari buruzko txostena; eta Harrobiaren lixibatuak biltzeko sistemari buruzko txostena eta tratamendua. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!