Udalak Ave Maria parkeko 'Sormen Gunea'ri buruzko lan saioa antolatu du, urtarrilaren 29rako

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 21a, 00:00

Lan saioa arratsaldeko 18:00etan izango da Biterin eta Udalak orain arte emandako pausoak eta aurreikuspenak partekatuko ditu. Bertaratzeko aldez aurretik izena eman behar da.

Hernaniko Udalak martxan du dagoeneko Ave Maria parkeko eraikinean Hernaniko Sormen Gunea sortzeko prozesua. Eta emandako urratsak azaldu eta datozen urteetarako aurreikuspenak partekatzeko lan saioa antolatu du, hilaren 29rako. Biterin izango da lan saioa, arratsaldeko 18:00etan hasita. Bi ordu inguruko saioa izango dela aurreratu du Hernaniko Udalak, eta bertaratzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela ere azpimarratu du. Ondorengo estekan sartuta apuntatu daiteke saiora: https://labur.eus/sormengunea. 


2019ko prozesuan definitutako norabidea berretsi nahi dute

Ave Maria parkeko eraikineko azpiegitura hori definitzeko prozesu bat garatu zen 2019garren urtean. Parte hartu zuten herriko sortzaile eta kultur eremuko herritarrekin batera azpiegitura berri honen izaera definitu zuten: ezaugarri eta erabilera posibleak zerrendatu, eta espazio aldetik zeuden beharrak kokatu.

Hori horrela, urtarrilaren 29ko lan saioan, prozesu hartan erabakitakoa berrikusi eta berretsi nahi duela azpimarratu du Hernaniko Udalak, hau da,  «herrian sormenarekin loturiko behar berriak jaso nahi ditugu, 2019ko prozesuan definitutako norabidea berreste aldera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!