Ostiraleko XXVIII. Tabernetako Bertsolarien Txapelketan garaile, Iñaki Otxotorena

Kronika - Erredakzioa 2024ko urt. 21a, 00:00

Txapeldunaren agurrarekin bukatu zuen saioa Iñaki Otxotorenak.

«Giro ederrean» ospatu zuten XXVIII. Tabernetako Bertsolarien Txapelketa, San Sebastian bezperan eta Iñaki Otxotorenak eraman zuen txapela etxera. Bertso onenaren saria ordea, Harrirentzat izan zen.

Urteroko zitari eutsiz, San Sebastian egunaren bezperan jokatu zen Garin Herriko Tabernan XXVIII. Tabernetako Bertsolarien Txapelketa eta Iñaki Otxotorenak, Otxototarren erdiko anaiak (despistatuentzat), jantzi zuen txapela estreinakoz.

Hernaniko Paulo Ttikiya Bertso Eskolak antolatuta, saio berezia bezain umoretsua izan zen ostiralekoa, eta guztira 11 hernaniar izan ziren kantatzera animatu ziren ausartak: Oxan, Xapo, Haritz, Ahetze, Xabat, Notayo, Xuban, Otxoto, Joseba, Iñigo eta Harri. 

Bertso onenaren saria Harrik jaso zuen, baina ez zitzaion ohiko saria eman (Otsahien garagardoa eta Larre Gain sagardotegiko kaja bana); antolakuntzak murrizketak egin dituela azaldu baitzuen, «IPCaren igoera dela eta», argudiatuz. Horregatik, bertso onenaren saria izan zen Otsahieneko sortzaileetako bat den Oier Iurramendirekin argazkia ateratzea.

 

 
 

Otxoto pozez, «txapelagatik eta osatutako saioagatik»

«Giro ederra» zegoela azpimarratu digu aurtengo txapeldunak, Iñaki Otxotorenak, eta pozez agertu da ostiralean txapelarekin  atera zelako Garinetik: «beti bezala ederra izan zen. Bertsotan oso gustura aritu ginen, ideiak pixkanaka etortzen ziren, onak edo txarrak izan. Kantatzerako orduan suelto sentitu nintzen, eta esan beharra daukat disfrutatzen egon nintzela saio osoan. Oso pozik nago txapela irabazi dudalako eta saio ona egin nuelako».

Otxotorenak txapela buruan zuela, ondoko bertsoa bota zuen, ilusioz:

Gaurkun txapela jantzi det
bertsotan egin det bapo
Baño ez banuke jantzi 
etzan ezerre pasako
Bertso bakoitzian asko
disfrutatu detelako
Bertsokide ta entzule, 
bihotzez eskerrik asko
Bi izen aipau nahi ditut, 
bat Oxan, bestea Xapo
Urtero hemen dabiltza, 
zenek haundigua botako
Oaindik asko daukagu
eta segi urte franko
Aipamena utzi dezue 
80 urtetarako.
k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!